EITB TALDEA
Hauteskunde kanpaina
EITBk A29ko Hauteskunde Orokorren jarraipen berezia egingo du, inoizko datu hedapen handienarekin
EITB MEDIA
Doako propaganda-tarteek, eguneroko informazio-kronikek, elkarrizketek eta eztabaidek osatuko dute kanpainaren jarraipena ETBn, ETB ONen, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta ORAINen. Datuetan eta horien bisualizazioan oinarritutako hedapen teknologiko aitzindaria eskainiko du EITBk.
-
Azaroaren 29ko Hauteskunde Orokorrak, EITBn
Azaroaren 13an abiatuko den Hauteskunde Orokorren kanpainaren hedapen berezia egingo du EITBk bere komunikabide guztietan. Doako propaganda-tarteek, eguneroko informazio-kronikek, elkarrizketek eta eztabaidek osatuko dute kanpainaren jarraipena ETBn, ETB ONen, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta ORAINen. Estaldura berezi horrek azaroaren 29ko hauteskunde-gauean izango du gailurra.
Kanpaina ofiziala hastearekin bat, EITBk egunero tarte bereziak eskainiko ditu ETB1en eta ETB2n, baita Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta Radio Vitorian ere, alderdi politikoen ekitaldi nagusien berri emateko.
Elkarrizketak eta eztabaidak
Telebistako elkarrizketak ETB1eko "Egun On" saioan egingo ditu Irati Errandoneak, eta ETB2n, berriz, África Baetak gidatuko ditu, "Teleberri"ren ondoren, 15:40ean.
Irratian, hautagaiek Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan izango dute hitza, Iñaki Guridirekin; Radio Euskadiko "Boulevard"en, Eider Hurtadorekin; eta Radio Vitoriako "Vitoria Vitoria Gaur" saioan, Aratz Goikoetxearekin.
Euskarazko hauteskunde-eztabaida azaroaren 19an izango da ETB1en eta Euskadi Irratian, Xabier Usabiagaren gidaritzapean. Gaztelaniazko eztabaida, berriz, azaroaren 24an eskainiko dute ETB2k, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak, Dani Alvarezek aurkeztuta. Eztabaidak ORAINen eta ETB ONen eskura egongo dira ondoren.
Hauteskunde gaua
Azaroaren 29an, EITB taldeko hedabideek boto- eta ordezkaritza-estimazioak eskainiko dituzte FORTAk eta RTVEk enkargatutako iritzi-azterketaren emaitzetan oinarrituta. Horrez gain, ETBk, irratiek eta ORAINek saio bereziak eskainiko dituzte emaitzen jarraipena egiteko.
ETB1eko saio berezia Xabier Usabiagak eta Nerea Reparazek gidatuko dute. ETB2n, berriz, África Baeta eta Dani Álvarez izango dira aurkezleak. Datuen jarraipen zehatza, analisten balorazioak eta Euskadiko, Nafarroako nahiz Estatuko alderdien egoitzetatik eginiko zuzeneko konexioak izango dira saioaren ardatz. Kataluniatik ere zuzenean emango dute hauteskunde-giroaren berri.
Euskadi Irratiak ere jarraipen berezia egingo dio hauteskunde gauari. 19:45ean hasiko den saioan, Maite Artolak eta Iñigo Alustizak gidatuko dute emanaldia gauerdia igaro arte. Alderdien egoitzetako zuzeneko konexioez gain, Josune Ariztondo, Eneko Etxeberria, Mikel Serrano eta Felix Arrieta izango dira lehen emaitzak eta balorazio politikoak aztertzen.
Radio Euskadiko jarraipen berezia Eider Hurtadok aurkeztuko du 19:30etik aurrera. Imanol Manterolak eta Leizuri Bilbaok datuen bilakaeraren jarraipena egingo dute, eta analisi-mahaian Naiara Pinedo, Jonathan García, Natalia Rojo eta Cristina Ruiz arituko dira. Horrez gain, kazetari talde zabal batek zuzenean kontatuko ditu alderdien erreakzioak Euskaditik, Nafarroatik eta Madrildik.
Datua erdigunean ORAINen ETB1 ONen eta ETB2 ONen
Datuen eskaintzan eta horien bistaratzean jauzi handia egingo dute ETB1 ON, ETB2 ON eta ORAIN euskarri digitalen bidez.
EITBk inoizko datu-hedapenik zabalena eta aurreratuena eskainiko du hauteskundeen gauean. Orainen, ETB1 ONen eta ETB2 ONen, herritarrek ez dute soilik emaitzak xehetasun handiz kontsultatzeko aukera izango; datuekin elkarreragin ere egin ahal izango dute eta hainbat pantaila kontsultatu. Horretarako, Orainen mapa interaktiboak, emaitzen grafikoak eta balizko gobernu-itunen simulazioak egongo dira eskuragarri, erabiltzaileak informazioa modu pertsonalizatuan aztertu ahal izan dezan.
Gainera, emaitzak ezagutu ahala, auzoz auzoko eta barruti txikienetako datuak ere argitaratuko dira, hauteskunde-emaitzen irakurketa zehatzagoa eskainiz. Bestalde, ETB1 ON eta ETB2 ON plataformetan L interaktibo berria aktibatuko da; bertan, datuak denbora errealean eguneratuko dira, lurraldekako eta udalerrikako mapekin, emaitzen bilakaerarekin eta balizko akordio edo gobernu-itunen proiekzioekin batera.
Horrenbestez, EITBk inoiz eskaini duen datu-estaldurarik zabalena, sakonena eta interaktiboena izango da.

