EITB TALDEA
Euskarazko fikzioa
"Aloka(h)iru" komedia, PRIMERANen ikusgai!
EITB
EITBren 'Formatu txikiak, Talentu berriak' deialdiaren barruan sortutako fikzioaren protagonistak Lorea Intxausti, Izaro Nieto eta Nerea Sanz dira. Umore absurdoa erabiliz, gaur egungo gazteen arazo nagusietako bati heltzen dio: etxebizitza eskuratzeko zailtasunari.
-
"Aloka(h)iru"ko lantaldea eta Iraide Muga PRIMERANeko arduraduna prentsaurrekoan
Nitya Lopezek eta Alba Lozanok sortu eta zuzenduriko "Aloka(h)iru" telesaila estreinatu da gaur (azaroak 13) PRIMERAN plataforman, 22:00etan. EITBren fikzio apustu berria da, Formatu txikiak, Talentu berriak deialdiaren testuinguruan sorturikoa, eta Igor Garcia Piñasek (Platanobolígrafo) eta Iñigo Portillok (La córnea digital) ekoitzi dute. Lau ataleko komedia honetan (bakoitza 24 minutukoa), umore absurdoa erabiliz, gaur egungo gazteen arazo nagusietako bati heltzen zaio: etxebizitza eskuratzeko zailtasunari. Lorea Intxausti, Izaro Nieto eta Nerea Sanz dira protagonista nagusiak.
Iraide Muga PRIMERANeko arduraduna EITBren egoitzan egindako prentsaurrekoan
PRIMERANera iritsi aurretik, EITBk Bartzelonako Serielizados jaialdi entzutetsuan aurkeztu du "Aloka(h)iru". Han jasotako harrera beroak utzitako aho zapore goxoarekin egin da ostiral honetan Bilboko Azkuna Zentroko aurrestreinaldi ekitaldia, 19:00etan. Bertan, telesaila osorik proiektatu da. Aurrez, 18:15ean hasita, alfonbra gorritik pasa dira telesaileko lantaldea eta EITBko ordezkariak.
Garazi, Nerea eta Maider Bilboko Alde Zaharrean pisua partekatzen duten hiru lagun dira, eta hilabete dute etxetik alde egiteko: lehengo etxejabearen semeak etxebizitza oinordetzan jaso du, eta pisu turistiko bihurtu nahi du. Alokairu eskuragarririk aurkitu ezinik, etxean hiru negozio klandestino abiaraztea erabakitzen dute: asmatutako bisita turistikoak, hondamendi hutsa den ihes-gela bat eta Tinder bidez ezagututako bikoteei alokatutako logela bat. Gezurren, ustekabeko bezeroen eta egoera zentzugabeen artean, beren etxea salbatzea abentura bihurtuko da.
Hiru protagonistak
Eszenaratze dinamikoaren, elkarrizketa zorrotzen eta gero eta egoera absurdoagoei aurre egin behar dieten pertsonaien bidez, telesailak protagonisten gatazketatik sortzen den komediaren aldeko apustua egiten du. Hala, pisu partekatua beste pertsonaia bat bihurtzen da: elkarbizitzarako, erresistentziarako eta babes emozionalerako gunea, etorkizun ziur gabe baten aurrean.
FITXA TEKNIKOA
Zuzendaritza: Nitya Lopez eta Alba Lozano
Antzezleak: Lorea Intxausti, Izaro Nieto, Nerea Sanz, Arnatz Puertas, Alvar Gordejuela, Dorleta Urretabizkaia, Kepa Errasti, Leire Lopez, Asier Hernandez eta Koldo Almandoz
Gidoilaria: Nitya Lopez eta Alba Lozano
Produkzio burua: Diana Castro Sánchez
Muntaia: Lander Castro
Soinu banda: David Sanchez eta Nerea Alberdi
Generoa: Komedia
Ekoiztetxea: Platanobolígrafo eta La Córnea Digital / EITB Media
Ekoizpen-urtea: 2026
Telesailaren fotograma

