Itxi

EITB TALDEA

Elkarlana

EITBk eta Artiumek Gema Intxaustiri buruzko dokumentala estreinatuko dute 'erresonantziak' proiektuaren baitan

EITB

Piezaren aurkezpena azaroaren 19an izango da eta museoak solasaldi bat antolatu du artistarekin. Dokumentala ETB ON plataforman ere estreinatuko da egun horretan. Euskal artisten lana ikuspegi kritiko eta historiko batetik ikusaraztea bilatzen du 'erresonantziak' ekimenak

  • "Erresonantziak": Gema Intxausti

    "Erresonantziak": Gema Intxausti

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak eta EITBk Gema Intxausti (Gernika-Lumo, 1966) artistari eskainitako lan dokumentala estreinatuko dute ostegunean, azaroak 19. Artium Museoak eta EITBk Begira Produkzioak ekoiztetxearekin batera sustatutako erresonantziak proiektuaren esparruan ekoitzia, Esther Ferrerri eta Mari Puri Herrerori lan monografikoak eskaini dizkien sail baten hirugarren atala da dokumentala. Intxaustiren ibilbidea da laurogeiko hamarkadaren amaieratik artista honek arte garaikideari egin dion ekarpena azpimarratzen duen ekoizpen berri honen ardatza. 

Erresonantziak: Gema Intxausti

Erresonantziak: Gema Intxausti

Dokumentala 18:00etan estreinatuko da Artium Museoan eta, proiekzioaren ondoren, museoak solasaldi bat antolatu dute artistarekin, haren lan prozesuei eta ikus-entzunezko pieza berri honen ekoizpenari buruz hitz egiteko. Bi jardueretarako sarrera doan izango da eta tokia, mugatua. Artium Museoaren zuzendari Beatriz Herráezek eta EITBko Kultura eta Euskara zuzendari Vanesa Fernándezek aurkeztuko dute lana. Proiekzioaren ondoren, Gema Intxaustik, Beatriz Herráezek eta Larraitz Zuazok (Begira Produkzioak-en zuzendaria eta dokumentalaren ikus-entzunezkoaren zuzendari eta errealizazioaren arduraduna) elkarrizketa bat izango dute, artistaren lan-prozesuez eta pieza dokumental honen ekoizpenaz aritzeko. Dokumentala ETB ON plataforman ere estreinatuko da ostegunean bertan. 

Erresonantziak: Gema Intxausti

Erresonantziak: Gema Intxausti

Euskal Herriko sorkuntza garaikidea publiko berriei hurbiltzen lagunduko duten kalitatezko ikus-entzunezko edukiak sortzeko museoak eta EITBk elkarrekin aurrera daramaten ekimenaren esparruan ekoitzi da. Euskal artisten lana ikuspegi kritiko eta historiko batetik ezagutzen laguntzen duen erresonantziak proiektuaren parte da pieza, eta museoaren, EITBren eta Begira Produkzioak ekoiztetxearen artean partekatutako lantalde baten ardurapean dago. Lehen ekintza bi dokumental ekoiztea izan zen, bi artista nabarmenen ibilbideetan oinarrituak: Esther Ferrer (Donostia, 1937) eta Mari Puri Herrero (Bilbo, 1942), ibilbide profesional luzeko egileak biak, eta azken hamarkadetan praktika artistiko garaikideen garapenari ekarpen garrantzitsuak eginak. Pieza horiei Gema Intxausti protagonista duen dokumentala gehitu behar zaie orain. Lan berriak, ordubete inguruko dokumentalak, modu monografikoan jorratzen du Intxaustiren ibilbidea. Aipatzekoa da, gainera, Gernikan grabatu dela gehienbat, artistaren jaioterrian, han uztartzen baititu artistak bizitza eta lana.

Erresonantziak: Gema Intxauti

Erresonantziak: Gema Intxauti

Gema Intxaustik (Gernika-Lumo, 1966) eskulturaren, marrazkiaren eta ikus-entzunezko narrazioaren esparruetan lan egiten du nagusiki. Arte Ederretan trebatu zen EHUn, eta zineman eta bideoan Erresuma Batuan; abiapuntu horrekin, haren lanak zinemari, musikari eta literaturari buruzko erreferentziak ditu, eta irudiaren, testuaren eta narrazioaren arteko harremanak aztertzen ditu. 2018an, ibilbide artistikoaren Gure Artea saria jaso zuen. 2020ko otsailetik azarora bitartean, museoak Jendetzaren erdian, atxiloketari begira erakusketa aurkeztu zuen, Intxaustiren formatu handiko lehen bakarkako erakusketa. 2022an, artistak Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoari dokumentu-funts bat eman zion, dokumentazio pertsonalak, sorkuntzaren ingurukoak eta profesionalak osatutako zazpi artxibo- eta karpeta-kutxatan; bere ibilbide artistikoari lotutako material horretan garrantzi berezia du laurogeiko hamarkadaren amaieratik 2000ko hamarkadaren hasiera arteko praktika feminista, kontzeptual eta disziplinartekoak. Funts hori katalogatuta dago, eta museoaren webgunean eskuragarri. Arte-sorkuntzaren eta gizarte-testuinguruaren arteko harremana lantzeko aukera ematen du, baita arte garaikidean narratiba pertsonalak eta kolektiboak artikulatzeko ere. Gai horiek behin eta berriz aipatzen dira Intxaustiren lanean.

Itziar Okariz artista (Donostia, 1965), berriz, une honetan ekoizteko fasean dagoen saileko laugarren dokumentalaren protagonista izango da. Pieza hori hainbat tokitan grabatu da, hala nola Gasteizen eta New Yorken, eta datozen hilabeteetan aurkeztuko da. Okarizen praktikak performancea, bideoa eta instalazioa biltzen ditu. Bere lanean gorputzaren eraikuntza eta espazio publiko eta pribatuarekin duen harremana ikertzen ditu artistak, hizkuntza, generoa eta identitatea eratzen dituzten arauak eta gizarte-konbentzioak zalantzan jarriz. 2026an ibilbide artistikoari ematen zaion Gure Artea Saria jaso du.

EITBk eta Artium Museoak Euskal Herriko entzule berrien artean kultura garaikidea zabaltzeko elkarrekin lantzen ari diren lankidetza-proiektuaren parte da erresonantziak, eta artisten lana ezagutarazteko plataforma bat, egungo gizarteak dituen beharrei eta erronkei erantzuteko sorkuntza garaikidetik ondorioztatzen diren balioak bultzatuz. 

 

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea