Itxi

EITB TALDEA

EITBren parte hartzea du

"Hidden Assets" nazioarteko thrillerraren 3. denboraldia estreinatu berri du PRIMERANek, Bilbon girotuta

EITB Media

Bizkaiko hiriburuan izandako hainbat hilketa ditugu tramaren ildo nagusia: Olatz Altzola ikerketa-kazetaria eta haren familiako hainbat kide erail dituzte, eta krimenek harreman zuzena dute Irlandako polizia-operazio batekin eta 27 milioi euroko desagerpenarekin.

  • "Hidden Assets" telesaila, PRIMERANen ikusgai

    "Hidden Assets" telesaila, PRIMERANen ikusgai

EITBren PRIMERAN plataformak "Hidden Assets" nazioarteko telesailaren hirugarren denboraldia estreinatu berri du, oraingo honetan Bilbon girotuta eta EITBren partaidetzarekin.

Claire Wallace Irlandako Criminal Assets Bureau (CAB) detektibearen ikerketak oinarri dituen europar fikzioa da "Hidden Assets" eta atal berri hauetan Bilbo dugu tramaren erdigunean: Olatz Alzola ikerketa-kazetariaren eta haren familiako hainbat kideren hilketek ikerketa abiarazi dute Bilbon, Irlandako polizia-operazio batekin eta 27 milioi euroren desagerpenarekin lotuta. Claire Wallace detektibea Euskal Herrira etorriko da, eta Jon Beitia inspektorearekin (Iñigo Gastesi) elkarlanean arituko da kapitalen zuriketa, ustelkeria eta krimen antolatuaren nazioarteko sare konplexu bat argitzeko.  Besteak beste, Jon Mendia, Julen Clarke eta Cecilia Solaguren antzezleek ere hartu dute parte.

Sei kapituluko denboraldi berri hau Europako hiru hiritan filmatu da: Dublin, Anberes eta Bilbo. Bizkaiko hiriburua, gainera, ez da soilik kokaleku bat, baizik eta denboraldiko agertoki narratibo nagusietako bat, bertan garatzen baita ikerketaren funtsezko zati bat.

EITBren parte-hartze hau nazioarteko lankidetzarekin eta merkatu eta audientzia berriak lortzeko gaitasuna duten fikziozko produkzioei laguntzeko estrategiarekin lotuta dago, eta Euskadik ikus-entzunezko filmaketak hartzeko duen ahalmena nazioartean proiektatzen lagundu nahi du.

FITXA TEKNIKOA

Izenburua: Hidden Assets. 3. Denboraldia
Generoa: Thriller poliziala/Drama kriminala.
Formatua: 50 minutu inguruko 6 atal.
Ekoizleak: Saffron Moon (Irlanda) eta Potemkino (Belgika).
Zuzendariak: Kadir Ferati Balci eta Mia Mullarkey.
Gidoia: Peter McKenna, Mary Fox, Marty Thornton, Susan E. Connolly eta Cara Loftus.
Aktore nagusiak: Nora-Jane Noone, Cathy Belton eta Aaron Monaghan.
Denboraldi honetako antzezle berriak: Iñigo Gastesi, Charlotte Timmers, Dónall Ó Héalaí, Catherine Walker eta Steve Wall.