Itxi

EITB TALDEA

Izan EiTB Jaia

Izan EiTB Jai handia, gaur, Euskalduna Jauregian

A.E. | EiTB

Hiru3 Jaia, 'Go!azen'en aurrestreinaldia eta Gatiburen kontzertua izango ditu osagai nagusi. 12:00etan abiatuko da jaia.

1:28

Gaur, urriak 7, Izan EiTB Jaia ospatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian. Hiru3 Jaia, 'Go!azen' telesailaren aurrestreinaldia eta Gatiburen kontzertua, Gaztearen eskutik, izango dira eguneko ekitaldi nagusiak. Goizetik gauera arte, familia guztiarentzako entretenimendua proposatzen du EiTBk festa berezi honetan.

Hiru3 Jaia

EiTBren Hiru3 haur komunitateak egun osoko jai erraldoia ospatuko du Bilbon, Euskalduna Outdoor gunean, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, CaixaBanken eta Euskaltelen laguntzarekin. Musika ardatz hartuta, hainbat ikuskizun, musika emanaldi, tailer eta sorpresa izango dira bertan.

Eguerdiko 12:00etan hasi eta iluntzera arte, jaiak hainbat ekimen hartuko ditu: 3txulo eta lagunak ikuskizun berezia, 'Go!azen denok' ekimena, Hiru3 dantza, Tor Magoa, Street Dance masterclass saioa, etab.

Halaber, teknologia berriena ere Hiru3 jaira etorriko da aurten; izan ere, errealitate areagotuaren bitartez, ume eta gaztetxoek 3txulotarrekin batera dantza egiteko aukera izango dute. Gainera, standetik igaroko diren haur guztiekin bideoa grabatuko da, eta ETB3n zein Hiru3 webgunean izango dira ondoren guztiak ikusgai.

Tailerrak eta ekintzak izango dira egun osoan zehar: ETB3ko marrazki bizidunetako protagonista ezagunen irudiarekin aurpegia margotzeko tailerra, puzgarriak, ludoteka, etab. Hiru3 komunitateak ere bere txokoa izango du, eta egunean zehar kide egiten direnak zein aurretik webgunean izena ematen duten kideak jai bukaeran egingo den zozketa berezian sartuko dira.

Indarrak hartzeko, jateko gunea ere prestatuko da, mahai eta aulki eta guzti. Gainera, janari, izozki eta edariak erosteko orduan, Hiru3ko kideek abantailak izango dituzte prezioan. Halaber, sariak eta sorpresak ere ez dira faltako: Hiru3 kamiseta egiteko marrazki lehiaketa, kide guztien artean zozketa bereziak?

'Go!azen' telesailaren aurrestreinaldia

'Go!azen', Euskal Telebistak eta Pausokak ekoiztutako telesaila arrakastatsua, udazkenean izango da berriro ETB1en. Baina lehenago, aurrerapen gisa, Izan EiTB Jaian lehen atalaren aurrestreinaldia egingo da Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika Sailaren babesaz.

Emanaldia Euskalduna Jauregian bertan izango da arratsaldeko 19:00etatik aurrera. 1.400 lagunek izango dute proiekziora joateko aukera. 'Go!azen' telesaileko aktore gazteak lehen atalaren aurrestreinaldian izango dira, eta ez dute jarraitzaileekin argazkiak egiteko aukera galduko. Hantxe egongo dira: Aritz Mendiola, Ainhoa Larrañaga, Asier Burgete, Oihan Moreno, Miren Arrieta, Paula eta Aitana Etxeberria, Iholdi Beristain, Sara Nieto, Beñat Iturbe, Nerea Mazo, Ramon Agirre, Karmele Larrinaga, Inma Fernandez eta Asier Oruesagasti.

Lehen atal honek, Ispilu aurrean, Basakabiko udalekura garamatza berriro. Aurten, Markelek, Jontxuk, Anek, Garik eta Elik lagun eta ikaskide berriak izango dituzte eurekin batera: Naia, Nikole, Lore, Julen? Guztiek uda ondo pasatzeko asmoa dute, baina bakoitzak ideia ezberdinak ditu. Baita udalekura iritsi berri den Erika ingeles irakasleak eta Martin sukaldaria buru berriak ere.

Mikelek Basabakin jarraitzen du lanean. Haizea, berriz, Australiara joan da bertan urtea pasatzera. Egunero hitz egiten dute telefono bidez, baina urruneko harremanei eustea ez da erraza izaten. Bien bitartean, Zuzenek arazo larri bat du: aurten inoiz baina ikasle gutxiago etorri dira Basakabira, eta kongregazioa ez dago pozik udalekuak daraman norantzarekin.

Gaztearen eskutik, Gatibu

Izan EiTB Jaia behar bezala bukatzeko, Gaztea irratiak kontzertu berezia aurkeztuko du dohainik. 22:00etatik aurrera, rock koloretsu eta alaia eskainiko dute Gatibu taldeko lagunek Euskalduna Outdoor gunean. Aske maitte, aske bizi azken diskoko doinuek eta taldearen kanta ezagunenek  dantzan jarriko dituzte Euskalduna Jauregiko inguruetara gerturatutako lagunak.

Bestalde, Bilboko Udalak antolatutako Bilbao Kirol Street ekimenak kirolik modernoenak ekarriko ditu. Bilbao Kirol Street-a urriaren 7an ospatuko da, arratsaldeko 17:00etatik gaueko 21:45era arte, Euskalduna ondoan dagoen kirol lekuan. Bost orduz, bertaratzen direnentzako hurrengo tailerrak egongo dira: Rollers, Skaters, Slackline, Street Dance, Parkour, Riders eta abar.

 

Jaiaren aurkezpena asteazkenan izan zen Euskaldunan, eta bertan izan zirem jaiaren protagonistak eta baita babesleen ordezkariak ere: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Maite Iturbe, EiTBko zuzendari nagusia; Andoni Aldekoa, Euskalduna Jauregiko zuzendari nagusia; Maitane Leizaola, Bizkaiko Foru Aldundiaren Behatokiko zuzendaria; Oihane Agirregoitia, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi ordezkaria; Elena Abando, CaixaBankeko Erakunde zuzendaria Bizkaian, eta Izartza Zorrozua, Euskalteleko Harreman Instituzionaletarako eta Babesletza arduraduna. Bertan egon ziren, halaber, Alex Sardui Gatibuko abeslaria, Iholdi Beristain 'Go!azen'eko aktorea, eta '3txulo'ko 4ra (Amancay Gaztañaga), Xbel (Zuriñe Hidalgo) eta Izeba Kattalin (Libe Aranburu).