Itxi

EITB TALDEA

Adierazpena

EiTBk klima aldaketaren inguruko adierazpena sinatu du

EiTB

Kazetaritzaren jarduna hobetzen eta hedabideek fenomeno honen aurrean duten funtzio soziala betetzen laguntzeko, beste hainbat komunikabiderekin batera, agiriarekin bat egin du EiTBk.

  • EiTBk klima aldaketaren inguruko adierazpena sinatu du. Argazkia: EFE

    EiTBk klima aldaketaren inguruko adierazpena sinatu du. Argazkia: EFE

Kazetaritzaren jarduna hobetzen eta hedabideek klima-aldaketaren aurrean duten funtzio soziala betetzen laguntzeko xedez, Ecologia y Desarrollo Fundazioa (ECODES) eta Universidad Complutenseko 'Komunikazio Sozialaren Bitartekotza Dialektikoa' Ikerketa Taldeak, espezializatutako kazetari eta komunikatzaile talde baten lankidetzarekin, adierazpen horren puntuak betetzeko konpromisoa hartu dezatela proposatu diete enpresa eta profesionalei.

Adierazpenaren sinadura ekitaldia astearte honetan (martxoak 5) izan da Donostian, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua, Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordea, Cristina Monge ECODES fundazioko Hitzaldien zuzendaria eta Gemma Teso Madrilgo Universidad Complutenseko ikerlaria buru zituela.

Halaber, sinatzaileen ordezkariak ere bertan izan dira: EiTBrekin batera, Agencia EFE, Atresmedia, APIA, Cadena Cope, Grupo Noticias, Gara, Cartv, CtXt, El Correo, El Diario Vasco, El País, El Periódico, eltiempo.es, Ethic, Infolibre, Europa Press, La Razón, La Vanguardia, Servimedia eta Voz Populi. Gainerako hedabide eta komunikazio taldeek dokumentuarekin bat egiteko aukera dute oraindik.

Adierazpen horretan honako hamar puntu hauek biltzen dira:

1- Klima aldaketari buruzko kalitatezko informazioaren maiztasuna eta jarraitutasuna sustatzea. Horretarako, atal finkoak ezarri behar dira idatzizko prentsan eta prentsa digitalean, baita irrati eta telebista programetako eskaletetan ere, jasangarritasunarekin eta klima aldaketarekin lotutako gaiak jorratzeko, aukeran dauden ikus-entzunezko formatu eta formula narratiboak erabiliz, informazio-pieza klasikotik harago joanez. Gisa berean, oso interesgarria da transmedia edukiak lantzea, publiko mota guztietara iritsi ahal izateko eta a priori konplexuak izan daitezkeen kontzeptuak hobeto azaltzen laguntzeko.

2- Klima aldaketaren inpaktuak ez ezik, horien kausak eta irtenbideak ere azpimarratzea. Normalean, hedabideek ondorioetan jarri ohi dute arreta, eta horrek izaera katastrofista ematen die klima aldaketari buruzko albiste gehienei. Beraz, aberasgarria izango litzateke kausak eta irtenbideak proportzio berdinean jorratzea, alarmarekin batera aukeran dauden alternatibak ere aurkeztuz. Gisa berean, arazoari lotutako emozio negatiboek kontrapisu positibo bat izan dezakete, baldin eta klima aldaketa gizarte-aldaketarako motor gisa aurkezten bada.

3- Arazoa klima-justiziaren ikuspuntutik begiratzearen alde egitea. Horretarako, inpaktuen giza dimentsioak komunikatu behar dira, klima aldaketak osasunean, ekonomian, ura eskuratzeko bidean, elikadura-segurtasunean eta migrazio-fluxuetan dituen inpaktuei buruzko informazioa eta eztabaida ikuspuntu etiko batetik sustatuz.

4- Klima aldaketaren fenomenoa espazio eta denbora aldetik hurbilak diren errealitateekin konektatzea, horren bidez erakusteko klima aldaketa ez dela etorkizuna, oraina baizik. Horretarako, banakako, tokiko eta eguneroko ekintzak lotu behar dira klima aldaketari sortzen dioten inpaktuarekin, eta hori ikuspegi positibo batetik egin behar da, hau da, erakusten zer-nolako onurak ekartzen dituen emisioen murrizketak eguneroko ekintza arruntetan, hala nola erosketetan, edo garraiobide jasangarriagoen erabilerak dituen onurak; hori, gainera, kontakizun horiek bizitzako historia errealekin pertsonalizatuz egin behar da.

5- Herritarrek abiatutako edo gidatutako ekimenak hedatzea. Klima aldaketari buruzko informazioaren lehentasunezko esparrua gehienbat politikoa dela kontuan hartuta, goitik behera informatzeko joera dago, hots, gobernatzaile edo agintariengandik gobernatuengana informatzeko joera. Beharrezkoa da hedabideek bistaratu eta hedatzen lagundu dezatela behetik gora abiatutako edo gidatutako ekimenak.

6- Kazetaritza kritiko eta independentea defendatzea:

a. Egiatasunarekin konprometitutako kazetaritza defendatu behar da, enpresa kutsatzaileek ordaindu eta greenwashing-a sortzen duten edukietatik urrunduta.

b. Simetriari uko egin behar zaio: nazioarteko komunitate zientifikoaren gehiengo zabal batek frogatutzat jotzen ditu aldaketaren larritasuna, kausak eta ondorioak, eta horrek kentzen die hedabideei oreka faltsu bat bilatzeko beharra.

c. Agerian utzi behar da ekonomia, politika edo publizitatearen alorreko diskurtsoaren negazionismoa, klima aldaketaren arazoaren kausa, inpaktu eta irtenbideen inguruan dagoen ziurtasun zientifikoa oinarritzat hartuta.

d. Enpresen gizarte-erantzukizunaren politikekin bat datorren publizitatea sustatu behar da, Jardunbide Egokien Kodea betetzearen alde egiteaz batera, ingurumen-argudioak haien komunikazioetan erabiltzeari dagokionez.

7- Klima aldaketari buruzko ikerketa zientifikoa dibulgatzea. Hedabide bakoitzari egokitutako formatu narratiboak erabiliz, proposatzen da honako hauek komunikatzea: gauzatzen diren proiektu zientifikoak, aurkikuntzak eta lortutako emaitzak, adostasun zientifikoa, IPCCren Txostenen sendotasuna eta horien ebaluazio-metodologiak; halaber, proposatzen da horien edukia garbi azaltzea. Gisa berean, beharrezkoa da espainiar unibertsitate eta ikerketa-zentroetan sortzen ari den ikerketa zientifiko mardula dibulgatzea; horrek, gainera, motibazioa ematen die ikertzaileei euren lanarekin jarraitzeko.

8- Fenomenoa ulertzeko beharrezkoa den terminologia espezifikoa jendarteratzea. Beharrezkoa da trantsizio ekologikoa ahalbidetzeko funtsezkoak diren kontzeptu batzuk dibulgatzea, herritarrei klima aldaketari buruzko informazioa ulertzen laguntzeko: 'Berotegi-efektua', 'Karbono-aztarna', 'Aztarna ekologikoa', 'Deskarbonizazioa', 'BEG emsioak' eta 'Per capita emisioa', beste batzuen artean.

9- Klima aldaketa muturreko fenomeno meteorologikoekin konektatzea. Nahiz eta alarmismoa eta klima-ikuskizuna saihestu behar diren muturreko episodio meteorologikoei buruzko informazioan, horiek aukera eskaintzen dute 'eguraldia' eta 'klima' kontzeptuen artean dagoen aldea azaltzeko, eta azpimarratzeko muturreko fenomeno horiek gero eta maizago gertatuko direla eta gogorragoak izango direla klima aldaketaren ondorioz.

10 -Erredakzio espezializatuak. Klima aldaketari buruzko informazio zorrotzak eta kalitatezkoak segurtatu ahal izateko, beharrezkoa da profesionalei gai horietaz informatzea ahalbidetzen dien kazetaritza forma bat mantentzea. Proposatzen da erredakzioetako zientzia- eta ingurumen-kazetaritzaren atalak indartzea, etengabe eguneratzen diren kazetari espezializatuekin; halaber, proposatzen da profesional guztiei zeharkako prestakuntza ematea, zeren klima aldaketak modu gero eta garbiagoan erakusten baitu bere zeharkako izaera. Berokuntza globala gai konplexu bat da, diziplina ugari hartzen dituelako barne, batzuetan oso gai teknikoekin. Lan independente zorrotz eta kalitatezkoa segurtatzeko modurik onena da hori garatzeaz arduratzen diren informazio-profesionalei ordainsari duina bermatzea.