Itxi

EITB TALDEA

Bake eta Bizikidetza

Uztartu programaren ikus-entzunezkoak aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk

EITB

Erradikalizazio biolentoaren prebentziorako, Uztartu gizarte eta hezkuntza-programaren barruan, ETBk 'Algo nos une al equipo de este país' dokumentala eskainiko du.

  • Eusko Jaurlaritzako Jonan Fernandez eta EiTBko Maite Iturbe. Argazkia: EiTB

    Eusko Jaurlaritzako Jonan Fernandez eta EiTBko Maite Iturbe. Argazkia: EiTB

Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako idazkari nagusi Jonan Fernandezek eta EiTBko zuzendari nagusi Maite Iturbek, gaur goizean, Uztartu programa osatzeko erabilitako ikus-entzunezko materiala aurkeztu dute. Erradikalizazio biolentoaren prebentziorako gizarte eta hezkuntza programa hau, Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan, sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da.

Uztartu programa, oso-osorik, ostegun honetan, ekainaren 6an, Kursaalen egingo den Erradikalizazio Biolentoaren Prebentzioari Buruzko Nazioarteko Mintegian aurkeztuko da. Bertan, nazioarteko beste bi esperientzia ezagutzeko aukera ere egongo da: Erresuma Batuko Erradikalizazioaren Azterketarako Nazioarteko Zentroa eta Kanadako Erradikalizazio Biolentoaren Prebentziorako Zentroa.

Jonan Fernandezek azaldu duenez, nazioarteko eta Europako agendaren lehentasuna da. 'Erlijio-aitzakia duen indarkeriari buruz, motibazio politiko edo nazionaleko indarkeriari buruz, eskuin muturreko edo ezker muturreko indarkeriari buruz, kirolean ematen den indarkeriari buruz edo arrazismoari, xenofobiari, islamofobiari edo aporofobiari buruz hitz egiten ari gara. GIE 16k indarkeriaren prebentzioa bere ardatzetako bat bezala esplizitatzen du. Nazioarteko erakunde guztiek arlo honetan prebentzio-programak sustatzeko deiak egiten dituzte', adierazi du.

Uztartu ekimena diagnostiko batean oinarritua dago: erradikalizazio biolentoa gertatzeko isuri kognitibo batzuk eman behar dira (aurreiritziak, gaizki-ulertuak...). Programa honetan identifikazio hori lau isuritan identifikatzen da: dogmatismoan, fatalismoan, manikeismoan eta sektarismoan. Hauen eraginak giza kontzientzian erradikalizazio biolentorako errekurtsoaren zilegitasuna gaitzen du.

Programan garatutako hipotesiaren arabera, erradikalizazioa prebenitzeko gogoeta eta esperientzia sustatu behar dira hautazko lau nukleo pedagogikoren inguruan: giza duintasunaren, kontzientziaren, balio positiboaren eta mugaren pedagogia.

Uztartu programa 30 segundoko bost iragarkitan oinarritzen da. Aurreneko lauetan isuri kognitibo bakoitza azaldu berri ditugun hautazko nukleo pedagogikoen aurrean jartzen da. Bosgarren iragarkiak sintesi bat eskaintzen du. Horretan oinarrituta, programak film dokumental bat landu du. Istorio erreal bat da. Bertako protagonistak elkar ezagutzen ez duten eta gai honen inguruan elkarren artean hitz egingo duten 16 gazte dira.

Filma 11 minutuko bost kapitulutan egituratua dago eta honako izenburu hau darama: 'Algo nos une al equipo de este país'. 16 gazte horiek lau lagunez osatutako lau taldetan banatuta hitz egiten dute. Aurreneko lau kapituluetan talde bakoitzak dagokion iragarkia ikusten du eta bere edukiari buruz hitz egiten du. Bosgarren kapituluan 16 parte-hartzaileen gogoeten bateratze-lana erakusten da.

Bost iragarkiek eta dokumentalak, erradikalizazio biolentoko prozesuei buruzko gogoeta kritikoa sustatzera bideratutako ikus-entzunezko baliabidea izateaz gain, garatzeko proposatzen den eredua erakusten dute. Horien edukia edozein hezitzailek pertsona-talde batekin erabil lezakeen gida didaktikoa da. Gizarte-heziketako proiektu hau aplika daitekeen edozein testuingurutan sorrarazi nahi den elkarrizketa deskribatzen da dokumentalean.

Jatorri unibertsal komunak

Gizarte-heziketako proiektu honen abiapuntuko hipotesia hauxe da: erradikalizazio biolento guztiek jatorri unibertsal komunak izan ditzakete. 'Ibilbide honen bitartez jatorri unibertsal horiek identifikatu nahi dira, ondoren, hauek antzematea ahalbidetuko duten esperientzia pertsonalizatutan islatzeko eta, azkenik, hezkuntzaren eta prebentzioaren ikuspegitik lantzeko', adierazi du Jonan Fernandezek.

Jakinarazi duenez, aurtengo bigarren seihilekoan Eusko Jaurlaritzak programa pilotu bat prestatuko du 2020. urtean zehar garatu ahal izateko. Programa hori honako esparru hauetan landuko da gutxienez:

- Prestakuntza arautuko ikastetxetan.

- Gazteriaren Kontseiluaren inguruan.

- Erlijioen arteko Euskal Kontseiluaren inguruan.

- Futbol-kluben inguruan.

- Babesgabetasun-egoeran dauden adingabeen edo gazteen tutoretzapeko etxebizitzatan.

- Espetxetan.

Hori osatzeko eta, EiTBrekin sinatutako akordioaren baitan, hezkuntza-material honen iragarkiak eta Algo nos une al equipo de este país dokumentala Euskal Telebistaren kanaletan emango dira.

Bestalde, Maite Iturbe pozik agertu da EiTBk Uztartu programan parte hartzen eta laguntzen duelako. Halaber, 'giza eskubideen, pluralismoaren eta bizikidetzaren arloan kontzientzia kritikoa' zabaltzeko eta sustatzeko hedabideen -bereziki titulartasun publikokoak- paper aktiboa azpimarratu du.

Azaldu duenez, programa honetan EiTBren parte-hartzea honako ardatz hauen inguruan zehaztuko da:

- Iragarkiak taldeko ikus-entzunezko kanal guztietan ematea.

- Aste honetan bertan Algo nos une al equipo de este país dokumentala ETB1en zein ETB2n emateko programatzea (ostegunean, ekainaren 6an, ETB1eko 'Gure Kasa' saioan eta ostiralean, ekainaren 7an, 22:30ean, ETB2n).

- Kursaalen egingo den Erradikalizazio Biolentoaren Prebentzioari Buruzko Nazioarteko Mintegiaren estaldura eta informazio-jarraipena egitea.

- Erradikalizazio Biolentoaren Prebentzioa datozen urteetan taldeak arreta berezia emango dien gaien agendan sartuko dute.

Amaitzeko, EiTBko arduradunak ziurtatu du 'euskal gizartearen adostasun sozial eta politiko garrantzitsuenak biltzen dituzten helburu etiko eta demokratikoekin konprometitutako linea editoriala' lantzen jarraituko duela erakundeak. Hauek hiru ardatz nagusitan laburbildu daitezke:

- Indarkeriarik eza: Indarkeriarik ezarekin hartutako kontzientzia kolektiboaren alde egiten du EiTBk; terrorismoaren bidegabekeriaren eta pairatutako indarkeriaren aurrean.

- Giza eskubideak: Giza eskubideak defendatzearen alde egiten du EiTBk, baita giza eskubideen urraketen biktimekiko elkartasunaren alde ere.

- Bizikidetza: Bizikidetza integratzailea sustatzearen eta gizarte-topaketako prozesua ahalbidetzearen alde egiten du EiTBk.