Itxi

EITB TALDEA

EiTB Maratoia

EiTB Maratoiak azken txanpa hasi du euskal gizartearen proiektu solidario bilakatuta

EiTB

Astelehen honetatik aurrera martxan egongo da 902 542525 telefonoa haur minbiziaren ikerketara bideratuko diren dohaintzak egiteko. Dagoeneko 'Lau teilatu'ren 500 bideo baino gehiago jaso dira.

  • 2019ko EiTB Maratoiaren aurkezpenean parte hartu dutenen taldeko irudia

    Aurtengo EiTB Maratoiko aurkezpena. Argazkia: EiTB

Haurren minbizia ardatz duen EiTB Maratoiaren 20. edizioa azken txanpan sartuta dago, euskal gizartearen proiektu solidario bilakatuta. Gaurtik eta abenduaren 10era bitartean, EiTBko hedabide guztiek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EiTB Musika eta eitb.eus) EiTB Maratoiari arreta berezia eskainiko diote elkartasuna sustatu eta haurren minbiziaren ikerketak behar duen laguntzaz ohartarazteko. 

EiTB Maratoiak, aurten, iraupena handitu du eta ekintza gehiago antolatu dira, euskal gizarte osoaren parte-hartzea sustatu asmoz. EiTBren helburua enpresa, erakunde eta talde ezberdinen laguntza lortzea da, EiTB Maratoia euskal herritar guztien elkartasun maratoia izan dadin.  

EiTB Maratoiaren azken txanpa garrantzitsu honen aurkezpena astelehen honetan egin da Bilboko EiTBren egoitzan. Bertan, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak eta Itziar Astigarraga Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako zerbitzu buruak hartu dute parte. Beraiekin egon dira, halaber, elkarteetako kideak eta kanpainan lankidetzan aritu diren enpresa eta erakundeetako ordezkariak. 

Nekane Murga Osasun sailburuak Osasun Sailak eta osasunak haur eta gazteen arteko minbiziaren aurkako borrokan duten konpromisoa azpimarratu du, "sendakuntza maila handitzeko eta pronostikoa hobetzeko, arreta osoa, eta gai askotarikoa eskainiz, eta ikerketaren aldeko apustua eginez". 

Ildo honetatik, sailburuak nabarmendu du haur eta gazteen minbiziaren ikerketa arloak Osakidetzan garrantzi handia duela. Une honetan, 1,5 milioi euroz finantzatutako 48 proiektu eta ikerketa kliniko daude abian. 

Azkenik, EiTBren ekimen bikaina eskertu du eta euskal gizarteari eskuzabal eta konpromisoz jokatzeko deia egin dio. Bere aburuz, giltzarri izango baita esparru honetan egiten den ikerketa babestu eta gehitzeko. 

Sentsibilizazio kanpaina  

Datozen egunetan, EiTBko hedabide guztietan, gaixo, senitarte, mediku eta profesional adituen lekukoekin erreportajeak eskainiko dira. 

Abenduaren 10ean, halaber, ehun bat pertsonai ezagunek hartuko dute telefonoa dohaintzak biltzeko. Dagoeneko zabalik dagoen 902 542525 telefonoan hartuko dira ekarpenak. Orobat, eitb.eus-en bidez ere eman daiteke dirua. 

Abenduaren 10ean, EiTB Maratoiaren egunean, ETB1en eta ETB2n programazio berezia izango da, eta Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak eta Gazteak etengabe emango dute maratoiaren berri. Gauean, ETB1en eta Euskadi Irratian eta ETB2n eta Radio Euskadin saio berezi bana eskainiko dira zuzenean, eitb.eus bidez ere jarraitu ahal izango direnak. ETB2koa Africa Baetak, Ion Aramendik eta Humberto Gutierrezek aurkeztuko dute, eta musika eta sorpresak tartekatuko ditu; besteak beste, Sonakay, Doctor Deseo, El Consorcio, Zea Mays eta Gontzal Mendibilen emanaldiak. ETB1en, berriz, Julen eta Antton Telleria anaiek gidatuko dute eta egitarau bete-betea prestatu dute; askoren artean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak eta Osasunako jokalariak izango dituzte gonbidatu. 

Zure bertsiorik onena ekimenak 'Lau teilatu'ren 500 bideotik gora bildu ditu 

Euskal jendarteak mukuru erantzun dio 'Lau teilatu'ren bideoak bidaltzeko Zure bertsiorik onena ekimenari. Helburua, Itoizen abestiaren bideoklip luzeena lantzea izan da. Dagoeneko, 500 bideo bildu dira, denetarikoak. "Helburua, EiTB Maratoiarekin bat egitea da, haur minbiziaren ikerketaren alde dirua biltzea zein garrantzitsua den ohartarazteko, eta, egia esan, oso pozik gaude erantzunarekin, gainezka egin badugu ere", azaldu du Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak.

"Artistek, musika taldeek, abesbatzek, kaletarrek, esparru guztietako jende ezagun eta taldeek landu eta bidali dute 'Lau teilatu'ren bertsioa eitb.eus-era. Itoizen abesti ezaguna elkartasun kanpainarekin lotuz elkartasun uholde hunkigarria lortu dugu", erantsi du. 

EiTB Maratoiaren aldaketaren lehen urte honetan hainbat ekimen eta ekitaldi egin dira haur minbiziaren ikerketarako dirua biltzeko xedez: enkante solidarioa, merchandising solidarioa, Gastroshow-a, EiTB Jaia, pintxo solidarioak, Guggenheim Museoari besarkada, spinning jai erraldoia eta 'Ahotsak'en finaleko topaketa, besteak beste. Hezkuntza Sailaren bultzadari esker, eskolek ere hartu dute parte kanpainan, tailerrak eginez eta material didaktikoa landuz. 

Haur minbiziaren eragina 

Urtero Europan eta orohar, herrialde garatuetan 15 urte beheko 7.000 haurretik bati diagnostikatzen diote minbizia. Euskadin gaixotasun  tasa antzekoa da eta urtero 60-70 lagun gaixotzen da 19 urte behetik. 

Minbizia edozein adinetan agertu daiteke, eta zenbait kasutan, haurra jaio aurretik ere detektatu daiteke. Gure inguruan gaixotasun baten eraginez hiltzen diren haur eta nerabeen artean, minbizia da kausa nagusia. Sortzetiko malformazioa izaten da urtebetetik beherako haurren heriotzen arrazoi nagusia. Ume nagusietan, aldiz, istripuak. Bada, horien ondoren, minbizia da Euskadiko haurren heriotzaren arrazoi nagusia.    

Haurren artean, baina, prebentzioak ez dauka lekurik. Haurren eta helduen minbizia motak desberdinak izaten dira, eta horregatik behar-beharrezkoa da tumore pediatrikoak ardatz izango dituen ikerketa-lerroa.  

Haurren artean gehien agertzen diren tumoreak leuzemiak, garuneko tumoreak eta linfomak dira. Bizitzako lehen urteetan, blastomak izaten dira nagusi, eta 14 urtetik gorako nerabeetan, aldiz, sarkomak.  

Haur eta nerabeak hazkuntza eta garapen fasean daude, eta horren ondorioz, minbiziari aurre egiteko tratamenduek, hala nola kirurgiak, erradioterapiak edo kimioterapiak, eragin oso kaltegarriak izan ditzakete eta epe luzerako ondorio txarrak eragin. 

Azken bost urteotan, zenbait aurrerapauso garrantzitsu eman dira minbiziaren aurkako borrokan, immunoterapiaren eta terapia zuzenduaren esparruan, baina farmako berriak batez ere helduentzat garatzen dira, eta haur zein nerabeei erasaten dieten minbizien aurkako sendagai berri gutxi dago. 

Horrenbestez, ezinbestekoa da haurren minbiziaren inguruko ikerketa bultzatzeko modu berriak bilatzea, bai eta pronostikoa hobetu eta sendatze tasa handitu dezaketen terapia berriak aurkitzea ere. 

Gaixotasun larri honek umeengan, euren familiengan eta gizartean oro har daukan eragina oso handia da. Hortaz, ezinbestekoa da haur eta nerabeentzako arreta integralean aurrera egitea, eta bide horretan, osasun arloko alderdiak zein psikologia, gizarte eta hezkuntza-arlokoak zaintzea, haur eta nerabe horien garapen eta gizarteratze erabatekoa lortu ahal izateko.   

Minbiziari aurre egiteko nazioartean diren tratamendu onenak eskaintzen dituzten eta hezkuntza-arloko arreta zein arreta psikologikoa eta soziala uztartzen dituzten unitate espezializatuetan jaso behar dute arreta.   

Gaixotasunari aurre egin eta bizirik ateratzen diren umeei bizi-kalitaterik onena bermatzeko lana eta gaur egungo tratamenduen eragin toxikoak saihestea dira haurren minbiziaren ikerketako beste gako nagusietako bat.  

Osakidetzak 48 proiektu eta azterketa kliniko ditu abian 

Osakidetzan egiten den haurren minbiziari buruzko ikerketaren barruan, une honetan 48 proiektu eta azterketa kliniko daude martxan, 1,56 milioi eurotik gorako hainbat urtetarako finantzaketarekin. Datu horiek argi erakusten dute haurren minbiziarena ikerketa-lerro garrantzitsua dela Osakidetzan.   

Datu on horien atzean bi arrazoi argi ditugu: batetik, gaixotasun horien gaineko ezagutza sakona, eta bestetik, Osasun Sailak ikerketa eta berrikuntzaren alde egindako apustu estrategikoa, gure osasunaren inguruko emaitzak hobetzeko eta Euskadiko garapen ekonomikoa sustatzeko (Osasun Ikerketa eta Berrikuntzaren Estrategia 2020).   

Ikerketa horietan Osakidetzako Osasun Ikerketako institutuek, Biodonostiak eta Bizkaiko Biocrucesek esku hartzen dute. Proiektu ia guztiak lankidetzan egiten dira osasun-sarearen barruan, Ikerbasque ikertzaileen parte-hartzearekin, bai eta beste ikerketa-zentro batzuen partaidetzarekin ere, hala nola Biogune eta Biomagune IKZen edo Euskal Herriko Unibertsitatearekin.      

Ikerketara zuzendutako dirua 

Ikerketarako dirua biltzea izango da kanpainaren xedea. Euskal gizartearen eskuzabaltasuna eta konpromisoa funtsezkoak izango dira martxan dauden ikerketak bultzatzeko eta esparru honetako jarduera handitzeko. Horrela, dagoeneko gaur egun euskal herritarren zati handi bati eragiten dieten arazoei konponbideak bilatzeko bideak irekiko dira. 

Bestalde, urtero legez, BIOEFek (Berrikuntza + Ikerkuntza + Osasuna Eusko Fundazioak) kudeatuko ditu EiTB Maratoian bildutako fondoak. Fundazioak deialdi publikoa egingo du, besteak beste ondoko ekintza hauek aurrera eramateko: ikergaiari buruzko ikerketa-proiektu onenen hautaketa eta etorkizunera begira aukera gehien ematen dituzten ikerketa-ildoak sendotu. Hamargarren aldiz I+G+B proiektuak ebaluatzeko agentzia ofizial batek aztertuko ditu proiektuak, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren mendekoa den Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalak (ANEPek) hain zuzen ere. Azterketa horren arabera, proiektuei puntuak banatu eta sailkapena osatuko da. 

Bide batez, aurtengo elkartasun maratoian parte hartu duten guztiei euren laguntza eta kolaborazioa eskertu nahi die EiTBk: 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Hezkuntza Saila eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, Bizkaiko Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Orona, Euskaltel, Metro Bilbao, Vital Fundazioa, Irizar, Eroski, Laboral Kutxa, Mutualia, Cie Automotive, Caixabank, SS Hard-Versia, Kursaal, Zabalgarbi, Fundibide, Etxe-tar, Bilboko Portua, Forum Sport eta Lumagorri enpresa eta erakundeei. 

Eta bereziki, EiTB Maratoiarekin bat egin duten elkarteei: Aspanovas (Bizkaiko minbizidun haurren gurasoen elkartea), Aspanogi (Gipuzkoako minbizidun haurren gurasoen elkartea), Aspanafoa (Arabako minbizidun haurren gurasoen elkartea), La Cuadri del Hospi (haurren minbizia humanizatu, sozializatu eta ikertzeko eta hezur-muinaren donazioa jendarteratzeko gurasoen elkartea), SuperH (ikerketari eta minbizia edo gaixotasun larria duten haurrei laguntzeko elkartea) eta Adano (Nafarroako minbizidun haurrei laguntzeko elkartea). 

Eskerrik asko!

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Maratoia 2023