Itxi

EITB TALDEA

Elkarlana

Izarok Euskadiko Orkestrarekin grabatutako hiru bideoklipen estreinaldia, EiTBn

EiTB

"Errefuxiatuena" , "Koilarak" eta "Tu escala de grises" ikusgai daude jada.

4:23
Izaro / EiTB

Fernando Velazquezek moldatutako eta 2019 amaieran Euskadiko Orkestrarekin grabatutako Izaroren "Errefuxiatuena", "Koilarak" eta "Tu escala de grises" kanten bideoklipen estreinaldia apirilaren 23, 24 eta 25ean gauzatu da ETBn, EiTBko irratietan, eitb.eus-en eta EiTBren eta Euskadiko Orkestraren sare sozialetan

Euskadiko Orkestrak erreferentziazko euskal artistak eremu sinfonikora eramateko ekimen digital hau duela bi urte jarri zuen abian, Zea Maysen hiru bideoklip eta Doctor Deseoren beste hainbeste grabatu eta zabaldu zituenean. Ekimena fenomeno biral bilakatu zen, eta, oraindik orain, bideo hauek milaka bistaratze biltzen jarraitzen dute sareetan. 

Formatu horren estreinaldia arrakasta handikoa izan zen orkestrarentzat, eta eskaera gehien jasotzen ari diren euskal artistetako batekin errepikatu du oraingoan, Izarorekin, alegia. Orduan bezala, orain ere Euskadiko Orkestrak EiTB izan du bidelagun asmo hau gauzatzeko. Hain zuzen ere, EiTBk horrelako ekimenak txalotu eta bere baliabideak jartzen ditu oihartzuna izan eta jendartera irits daitezen. Bizi dugun egoeran, orobat, zentzu berezia dute ekintza eta asmo hauek. 

2019ko azaroan ateak itxita grabatu ziren bideo hauek Miramongo egoitzan, Fernando Velazquezen agindupean. Getxoko musikagile, zuzendari eta musikaria arduratu zen Izaroren "Errefuxiatuena", "Koilarak" eta "Tu escala de grises" kanten moldaketa sinfonikoak egiteaz, baita proiektu berri honen zuzendaritza artistiko osoaz ere. Ikus-entzunezko zuzendaritza Pausoka Entertainmenteko Jabi Elortegiren esku geratu zen oraingoan ere. Orduan egin zen grabazioa, eta orain, konfinamendu garaian, inoiz baino zentzu gehiago hartzen duen honetan, aurkeztu da eremu digitalean. 

Beste publiko batzuetara iristeko Euskadiko Orkestraren proiektu digital estrategikoa

Ekimen honekin orkestrak beste publiko batzuentzako eskaintza musikala zabaldu du, arlo sinfonikoan ezohikoagoak diren errepertorioetan murgiltzearen bidez. Norabide honetan, arrakasta handiko beste esperientzia batzuk ere baditu orkestrak bere ibilbidean, esaterako, Ken Zazpi, Michel Camilo, Kepa Junkera eta Benito Lertxundirekin garatutako proiektuak. Horiek guztiak kontzertu-formatuan eman ziren, baina duela pare bat urte orkestrak haratago joatea erabaki zuen, eta bideoklip formatura egin zuen jauzi. Formatu hau Zea Mays eta Doctor Deseorekin abiatu zuen, eta Izarorekin errepikatu du orain. Gainera, laster iragarriko da formatu honetako beste lankidetza bat beste euskal talde batekin.

Izaro: "Oso emozionantea da norberak egindako kantak beste era batera entzutea"

Euskadiko Orkestrak lehendabizikoz kolaboratu du Bizkaiko abeslariarekin, eta zirraraz betetako ekimena izan da artistarentzat: "Oso emozionantea da norberak egindako kantak beste era batera entzutea, are gehiago Euskadiko Orkestra bezalako musikari talde batek jotzen baditu, eta Fernando Velazquezek moldatu. Hiru abesti aukeratu genituen: "Errefuxiatuena", "Koilarak" eta "Tu escala de grises". Oso ederra izan zen lehen entsegura iritsi eta orkestra jotzen entzutea; konturatzen zara zure melodia txiki horiek bizitza propioa dutela. Eta ilusio berezia egiten dit Fernando bera zuzentzen ari den bitartean abesten ari dela ikusteak".  

Fernando Velazquez: "Izaroren musika, arte eta presentziarekin maitemindu egin zen Orkestra"

Proiektu honen zuzendari musikala ados dago Izarorekin, eta Izaro, orkestra eta zuzendaria lehendabizikoz agertoki gainean elkartu ziren unea azpimarratu du. "Izaro orkestraren aurrean elkartu zenean, haren musika, arte eta presentziarekin maitemindu egin zen. Bere magnetismoa eta kantatzen duenaren edertasuna dira nagusi. Euskadiko Orkestraren presentzia ezinbestekoa da mezua gorpuzteko, baina bere ahotsean eta abestietan dago benetako magia". Velazquezen esanetan, pribilegio hutsa da proiektu honetan lankide jardutea eta "legamia pixka bat gehitu ahal izatea pastela hobeto harrotu dadin". Oso pozik eta eskertuta agertu da proiektu honekin getxotarra.                                      

Proiektu hau da Fernando Velazquezek eta Euskadiko Orkestrak partekatu duten azkena, baina askoz gehiago egin dituzte batera. Errepertorio berriak jorratzeko eta publiko berrietara iristeko ariketa horretan, tandem bikaina osatu dute Velazquezek eta Euskadiko Orkestrak duela hainbat urtetatik, eta emaitza oparoak ekartzen jarraitzen du aliantza honek. Ken Zazpirekin egindako kontzertu-ziklo ezagun haietatik hasi eta getxotarraren agindupean egindako zinema-munduko kolaborazio sorta zabalera arte. Azkenaldian egindako proiektuen artean nabarmentzekoak dira pantailara eraman diren eleberrien soinu-banda originalak; Fernando Arambururen Patria —laster estreinatuko da— eta Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea, kasu. 

Aipagarria da, baita ere, duela gutxi berreskuratutako Truffauten The bride wore black filmaren musikaren grabazioa. Urrunago jotzen badugu, beste soinu-banda ugari aurki ditzakegu: Juan Antonio Bayonak zuzendutako A monster calls filmarena, zeinaren bidez Velazquezek musika original onenaren Goya saria eskuratu zuen; Wim Wendersen Submergence filmarena; Bayonaren The impossible filmaren soinu-bandaren zuzeneko erabateko estreinaldia Donostia Zinemaldian; Ocho apellidos vascos-ena; Contratiempo-rena, eta abar. 

Bideoklipen aurkezpena

Apirilaren 23, 24 eta 25ean EiTBn estreinatu diren hiru bideoklip berri hauek EiTBren eta Euskadiko Orkestraren sare sozialen bitartez zabaldu dira. 

Apirilak 23: "Errefuxiatuena" (dagoeneko ikusgai)

Apirilak 24: "Koilarak" (dagoeneko ikusgai)

Apirilak 25: "Tu escala de grises" (dagoeneko ikusgai)