Itxi

EITB TALDEA

Ituna

FORTAk eta APIAk elkarlanean aritzea adostu dute, ingurumen-gaiak gehiago zabaltzeko

EiTB

Irrati eta Telebista Autonomikoen Erakundeen Federazioko hedabideen bidez ingurumen-gaiei zabalkunde handiagoa emateko lankidetza-protokoloa sinatu dute.

  • Ingurumenaren inguruko berriak zabaltzeko lankidetza

    Ingurumenaren inguruko berriak zabaltzeko lankidetza. Argazkia: EiTB

Irrati eta Telebista Autonomikoen Erakundeen Federazioak (FORTA) eta Ingurumen Informazioko Kazetarien Elkarteak (APIA) lankidetza-protokolo bat sinatu dute, bi elkarteen arteko lankidetza-oinarriak eta -ildoak ezartzeko, FORTAko kanalen bidez ingurumen-gaiak gehiago zabaltzea helburu.

María García de la Fuente APIAko presidentearen ustez, sinadura oso garrantzitsua da. "FORTA osatzen duten komunikabideak informazioa herritarrengandik hurbil eta lurraldeari lotuta jorratzeagatik nabarmentzen dira", eta hori, horren hitzetan, "funtsezkoa da ingurumen-informazioan".

Bestalde, FORTAko presidente Juande Melladok nabarmendu duenez, "lankidetza horrek indartu egiten du erkidegoetako ikus-entzunezko zerbitzu publikoek gure planetaren zaintzari eragiten dioten gaiei buruzko informazio zorrotza eta zehatza emateko egiten duten apustua". Akordio horrek laguntza ematen du, Melladok erantsi duenez, "herritarrek eduki erabilgarrietarako sarbidea izan dezaten, ingurumen-alderdiei buruzko ikuspegi zehatza eta dibulgatzailea izanda".

Prestakuntza da APIAk sorreratik lantzen duen oinarrizko ardatzetako bat, eta FORTAko kideek prestakuntza espezifikoa izango dute ingurumen-gaietan. Era berean, kazetaritzako azken urteko ikasleei zuzendutako beka bat ordaintzeko aukera zabaltzen da, FORTAko hedabideetan praktikak egiteko, naturarekin lotutako gaiak, hitzaren zentzurik zabalenean, jorratzeko.