EITB TALDEA
EITB Taldea
EITBko irratietako denboraldia hasi da
EITB Media
Radio Euskadik eta Radio Vitoriak "Distrito Euskadi" magazina estreinatuko dute Estibaliz Ruiz de Azuarekin. Euskadi Irratiko "Faktoria"k arreta berezia eskainiko dio aldaketa klimatikoari eta "Baipasa" Ekialde Hurbilera gerturatuko da. Gazteak Maketa Lehiaketaren 30. urtemuga ospatuko du.
EITBko irratietako berrikuntza nagusia Radio Euskadik eta Radio Vitoriak estreinatuko duten arratsaldeko magazina da. Estibaliz Ruiz de Azuak gidatuko duen "Distrito Euskadi" irratsaioak adi begiratuko dio gure inguruan gertatzen den guztiari. Euskal Herriko kale eta plazetan barrena ibiliko dira saioko kazetariak herritarrekin kontu kontari. Entzuleak eta euren istorioak izango dira astelehenetik ostiralera 16:00etatik aurrera eskainiko den saioko protagonistak.
Estibaliz Ruiz de Azua, Radio Euskadin.
Solasaldiak izango dituzte han-hemenka bizi diren euskal herritarren eskutik, gaurkotasuna aztertzeko, eta kolaboratzaile talde zabala ere bai: erreportari lanetan arituko den Antonio Altarriba idazle eta katedraduna adibidez, baita Susana Lakunza, Kepa Murua, Ziortza Carranza, Irati Jimenez eta Ritxard Bacete ere. Félix Linares entzuleekin harremanetan egongo da une oro, aurkeztuko dituzten gaien inguruan iritzia eskatuz.
Iñaki Guridik gidatuta, astelehenean hasiko du irrati denboraldia "Faktoria"k, aro berri bat hasiko duten herritarrekin: ama izan berri dena, kontratu finkoa lortu berri duen Mauritaniako errefuxiatua, unibertsitateko ikasketak hasiko dituen kirolari profesional ohi bat, denda bat ireki berri duen ekintzailea… Euskal herritarren bidelagun izango da "Faktoria".
Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena eskuratu atarian, Zaballako espetxe barrutik egingo dute saio berezia asteazkenean. Jaime Tapia (espetxe arloko aholkularia), kartzelako presoak, psikologo bat... Gonbidatu zerrenda luzea, gaiaren ertz guztiak lantzeko.
Klima aldaketa izango da "Faktoria"ren lan ildoetako bat irrati urte berrian, eta Euskal Herrian gaur egun duen eragina aztertuko dute adituen eskutik, eta eragin hori nabaritzen duten lekuetatik bertatik egingo dute gainera. Atal berriak izango dituzte: horietako bat, astelehenetan, Auto-hizketak, autoan, lanera bidean doan fikziozko entzule baten hausnarketak. Jon Celestinok musika eta gaurkotasuna lotuko ditu hamabostean behin. Ainhoa Etxaide, Elena Laka, Eneko Zarraoa eta Estitxu Garai dira analisia egiten lagunduko duten izen berrietako batzuk. Eta kolaboratzaileen taldera Oier Arantzabal, Alaia Martin eta Maddalen Arzallus batuko dira, besteak beste.
"Faktoria"ren bigarren zatian, magazinean, Manu Etxezortuk eta bere lantaldeak bizitza kontatzen jarraituko dute. Gertuko istorioak eta momentukoa, kaletik. Horrez gain, berrasmatzen jakin duten pertsonak ezagutuko ditugu Ane Undurragaren eskutik. Hobeto bizitzeko aholkuak emango ditu Aitor Aritzeta psikologoak eta gure poltsikoa zaintzen ikasiko dugu Sara Urionabarrenetxea ekonomialariarekin.
"Goizak Gaur" albistegia Maite Artolak gidatuko du eguerdiro. Egunean zehar gertatzen ari dena laburbildu eta aztertu egingo du, gaurkotasunaren protagonisten eskutik.
Iñaki Guridi, Oihane Perez, Igotz Alkorta eta Maite Artola, Euskadi Irratian.
Arratsaldetan, Olaia Urtiagak munduko leihoa zabalduko du "Baipasa"n. EITBren nazioarteko sareaz gain, aurten, Ekialde Hurbilera gerturatuko gaituzte Marijose Lasak eta Andoni Lubakik. Pantailetan ez galtzeko ikus-entzunezkoen mapa egingo dute Gaizka Izagirrek, Marga Berrak eta Ibai Zabalak. Eta irribarrez amaituko dute astea, Ezbaian, Antton Telleria eta Iker Laurobarekin eta Iñaki Cid eta Eneritz Sanchezekin.
"Mezularia"k, gertuko informazioan sakonduko du aurten Oihane Perezen gidaritzapean, 19:00etatik aurrera.
Asteburutan, munduari patxadaz begiratuko diote "Amarauna" saioan, Nagore Telleriak gidatuta. Iñaki Segurolak eta Andoni Egañak zer pentsa jarriko gaituzte, mundu digitalari erne segituko dute eta trantsizio energetikoa egiten lagunduko digu Aitor Urrestik, energia berriztagarrietan adituak. Igotz Alkorta eta bere lantalde guztia arduratuko da, bestalde, asteburuetako albisteak xahutzeaz.
Kiroletan, gure kirolak eta gure kirolariek gertu sentituko gaituzte. Reala, Baskonia, Bidasoa eta Bera Berak Europan barrena; Jon Rahmek eta Carlota Cigandak Estatu Batuetan; eta Aitzol Atutxak, Oihana Kortazarrek eta Julen Gabirondok Euskal Herrian. EITBko irratiak gure kirolaren uhinetan.
Radio Euskadiren soinu-banda aldatu egingo da denboraldi honetan. Fernando Velázquezek konposatu eta Euskadiko Orkestrak grabatutako sintoniak izango ditu aurrerantzean.
Programazioari dagokionez, Xabier Garcia Ramsdenek gidatzen duen "Boulevard" saioa 12:00ak arte luzatuko da eta solaskide berriak izango ditu: Isabel Celaá Hezkuntza ministro izandakoa, Iñaki Garcinuño CEBEKeko presidente ohia, Joseba Permach Iratzar Fundazioko kide eta EHU/UPVko irakaslea, Mohamed Akbache enpresa aholkularia, Jonathan Martinez kazetaria, Manuela Carmena Madrilgo alkate ohi eta epailea, Arantza Sinobas kazetaria eta Humberto Gutiérrez umoregilea.
Durangoko kaleetan izango dira lehen saioan eta aste honetarako Gorka Urtaran, Eneko Goia eta Juan María Aburto Gasteiz, Donostia eta Bilboko alkateekin solasaldi bateratua egiteko hitzordua dute.
12:00etan Iñigo Lejarzaren "La Terraza" saioa berriaren txanda izango da. Pertsona ezagunekin hizketaldiak eskaintzeaz gain, tarte berri bat izango dute: ETB2ko "Atrápame Si Puedes" saioaren irratiko bertsioa egingo dute. Irabazleak telebistako saioan parte hartzeko txartela eskuratuko du.
13:00etan "Crónica de Euskadi" albistegia gidatuko du Dani Alvarezek bigarren urtez. Zuzeneko informazioak izango du lehentasuna; 14:15ak bitartean, Euskadiko eta Munduko albiste nagusiak berrituz joango dira une oro. Berebat, arreta berezia eskainiko diote gertuko informazioari, eta 13:30ean Nafarroarako deskonexioa egingo dute aurten ere.
"Kultura.eus" kultur saioak ordutegi eta itxura berria izango ditu. 15:00etan eskainiko da, Galder Perezek gidatuta. Euskal Herriko eta kanpoko sortzaileen lana ezagutzera emango du egunero. Gainera, arlo ezberdinetako adituen laguntza izango du sorkuntza lan horiek aztertzeko.
Arantza Garciak hartuko du "Ganbara" iluntzeko albistegiaren gidaritza denboraldi honetan. Analisi gune eta gizarte anitzaren ikuspuntuen elkargune den saioan arituko da baita ere Miriam Duque, Ganbara de cerca tartea egiten. Kronika beltzari eta buru osasunari buruzko tarteak izango ditu, besteak beste.
Asteburuetan, Almudena Cachok aurkezten duen "Más Que Palabras" irratsaioak motor munduari eskainitako tarte berria estreinatuko du. Iñigo Montenegro Euskal Herriko Autoeskolen Federazioko presidentearen eskutik, ibilgailuen eta mugikortasun elektrikoaren inguruko gaiak jorratuko dituzte. Sakonean eta patxadaz landutako elkarrizketak egiten hasiko dira berriro eta kalean gertatzen dena adi-adi jarraituko dute.
Kirolari dagokionez, Asteburuetako "Kirolaldia" saioan esatari berriak batuko dira futbol partiden emankizunetara: Iñaki Alonso, Carlos Martínez, Larraitz Lucas eta Iñaki Alzola. Bestalde, César Pérez Gazolazek zuzenduko du aurten eguerdiko "Kirolaldia" saioa eta Asier Kareagak gidatuko du gauetako "Fuera de Juego" irratsaioa.
Radio Vitoriak Arabako eta Gasteizko errealitatearekiko konpromisoa berretsiko du beste behin ere. "Radio Vitoria Gaur" eta "Araba Gaur" saioek, Maritxu Díez, Pilar Ruiz de Larrea eta Ismael Díaz de Mendibilen gidaritzapean, mikrofonoak zabalduko dizkiete gizarte, politika, ekonomia eta kultur arloko eragile guztiei, une oro lurraldean gertatzen dena entzuleei kontatzeko.
Berrikuntzetako bat, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak topaketa bat izango dutela hilean behin Radio Vitoriako entzuleekin, euren kezkak, galderak eta zalantzak argitzeko. Bestalde, Arabako herrietan barrena ibiliko da, ohi denez, "Herrian" saioan.
Radio Vitoriaren beste erronketako bat da kulturari bultzada ematea, antolatzen diren ekimen eta jarduera ezberdinei jarraipena eginez: nazioarteko antzerki eta jazz jaialdiak, Azkena Rock, musika estilo ezberdinak (antzinakoa, klasikoa, opera, garaikidea), irrati-nobela lehiaketa…
Asteburuetan, urtarriletik Aratz Goikoetxeak gidatzen duen "Déjate Llevar" magazinak patxadaz landutako erreportajeak eta elkarrizketak bilduko ditu.
Eta azkenik, kirolak, Radio Vitoriaren programazioaren ardatz nagusietako bat. Izan ere, Arabako kirolari eta kirolariei jarraipena egiteko ahalegin gehien egiten duen hedabidea dugu. Alaves eta Baskoniaren partidak oso-osorik eskaintzeaz gain, Araski saskibaloi taldearen eta Alaveseko nesken taldearen jarduna gertutik jarraituko dute.
"Dida" saioak jarraitu du goizetako iratzargailua izaten, baina 14:00ak arte luzatuta. Horrenbestez, 07:00etatik 11:00etara, Julen Telleriaren gidaritzapean, Jon Gotzon, Antton Telleria eta Andrea Aranbururen arituko dira zuzenean. Ohiko kolaboratzaileak ez ezik, Andoni Ollokiegi musikaria, Azpiazu fitness Instagrameko fenomeno berria eta Gaztea Cover irabazi zuen Ainhoa Arroitajauregi izango dituzte lagun aurten, besteak beste. 11:00etatik 14:00etara, ordea, Ainhoa Vitoriak eta Xabin Fernandezek hartuko dute uhinen lekukoa.
"Gu" saioak arratsaldeak girotzen jarraituko du Ibon Fernandez, Maite Garmendia eta Alain Perez esatariekin. Gauak, berriz, Julen Idigorasenak dira, diskoari buelta eman eta "B Aldea"n murgiltzeko, 20:00etatik 22:00etara. Jarraian, nazioarteko musika zerrenden errepasoa ekarriko digu Maider Gorostegik, astelehenetik ostegunera, 22:00etatik 23:00etara.
Bestalde, klasikoei leiho bat irekiko diegu asteburuetan, Joseba Sacristanen eskutik: larunbatetan, 19:00etatik 21:00etara eta igandetan, 13:00etatik 15:00etara. Flaca DJk, bere aldetik, ostiral gauak girotzen jarraituko du aurten ere, 22:00etatik 23:00etara. Larunbat goizetan, Top Gaztea zerrendaren errepasoa egingo dute Oizeder Mayok eta Oihan Vegak 11:00etatik 13:00etara. Igande arratsaldeak Txurrurenak izango dira, 17:00etatik 20:00etara, "2 Positive" saioan. Eta astea behar den moduan amaitzeko, Makalak "Boom Shaka Laka"ren txokoa zabalduko du, 22:00etan hasita.
Gainerakoan, musikak hartuko du protagonismoa Gaztean, Maider Gorostegi, Joseba Sacristan, Leire Arrojeria eta Sara Alonso esatariek aurkeztutako formula tarteetan.
Gazteako esatariak.
Ekimen bereziei dagokionez, Maketa Lehiaketa ohi baino beranduago dator aurten. Pandemia dela-eta, denboraldi hasierarekin batera jarriko da martxan 30. edizioa. Grabazioak jasotzeko epea irailaren 6an hasiko da eta urteurrenari keinu berezia egin asmoz, Nøgen taldeak EH Sukarraren (eibartarrek irabazi zuten lehen Maketa Lehiaketa duela 30 urte) izen bereko kantua moldatu du eta Gazteako esatariek bideoan parte hartu dute. Maketa Lehiaketaren 30. edizioaren finala azaroaren 25ean izango da.
Bestalde, "Yoko Ona" bideopodkasta estreinatu da, Ainhoa Vitoria Gazteako esatariak zuzenduta eta Olatz Salvador eta Lore Nekane Billelabeitia (Belako) musikarien eskutik, baita "DANIEL | A" webseriea eta "Zulora" eztabaida-saioa ere.
EITB Musikak 20. urtemuga ospatuko du denboraldi honetan Piztu zure irratia lelopean gauzatuko den kanpainaren bitartez. Bertan, euskal gizarteko eragile eta protagonisten laguntza izan dute. Gaur egungo musika eta musika klasikoaren hautaketa zaindu eta askotarikoa eskainiz, musikaren konpainia atsegin duten herritarren kanalik gustukoena bilakatu da EITBko irrati kanala.

