Itxi

EITB TALDEA

EITBPodkast

#10garrena, ezohiko bertso finalak proposatuko dituen podcast berria

EITB Media

Udazken honetan, Bertsolari Txapelketa Nagusia jokatzen den bitartean, #10garrena podcast sorta berriak final alternatiboak eskainiko ditu ezohiko finalista eta txapeldunak irudikatuz, urriaren 17tik aurrera EITBPodkast atarian.

  • Navarra Arenan egindako #10garrena podcastaren aurkezpeneko irudia

    Navarra Arenan egindako #10garrena podcastaren aurkezpeneko irudia. EITB Media

Ostegun honetan, #10garrena podcast sorta berria aurkeztu du EITBk Iruñeko Nafarroa Arenan. Aurtengo udazkenean jokatzen ari den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren karietara, #10garrenak final ezohiko edota distopikoak proposatuko ditu. Urriaren 17tik aurrera izango da podcast sorta entzungai EITBPodkast atarian, eta astelehenero, atal berri bat eskainiko da.

#10garrenaren aurkezpen ekitaldia ustekabe eta sorpresaz beterikoa izan da. Maite Goñi EITBren Audio eta Digitaleko zuzendariak parte hartu du, eta kultura arloko ordezkaritza zabala bildu da, podcast berritzaileak proposatuko dituen ezohiko final horietako bat esklusiban entzuteko. 

Maite Goñi EITBko Audio eta Digital zuzendaria

Maite Goñi EITBko Audio eta Digitaleko zuzendaria

Besteak beste, Sebastian Lizaso bertsolaria, Iker Vicente aizkolaria, Mikel Idoate pilotari ohia, Mikel Urmeneta artista, Oier Zuñiga aktorea, Jonan Apaolaza "Gaur Egun"eko aurkezlea, Tessa Andonegi aktorea, Iñaki Redin kazetaria, Javi Rivero sukaldaria, Juan Kruz Lakasta kazetaria, Ander Perez (Bertsozale Elkartea), Uxue Razkin (Erein) eta Demode Quartet taldeko Iker Huici musikaria. 

Bertan izan da baita ere Danae Riaño aktorea, berak konposatu eta ahotsa jarri baitio #10garrenaren sintoniari.

Dánae Riaño #10garrenaren sintonia kantatzen

Dánae Riaño #10garrenaren sintonia kantatzen

EITBk Bertsolaritza Txapelketa Nagusiari egingo dion jarraipen zabalaren baitan sustatu du #10garrena podcastaren ekimena. Txapelketak iraungo duen bitartean, Euskadi Irratiko "Hitza Jolas" eta ETB1ko "Hitzetik Hortzera" bertsoen inguruko saioez gainera, finalerdiak ETB4n eta eitb.eus-en izango dira ikusgai. Final handiaren egunean, berriz, "Gaur Egun" eta "Teleberri" Iruñetik egingo dira, eta finala zuzen-zuzenean eskainiko da EITBn, egun osoan, goizetik hasita.

#10garrena

Xabier Paya eta Aitzol Barandiaran gidoilariek bertso final ezohikoak irudikatu eta errealitate bilakatu dituzte. Zer gertatuko litzateke "El Juego del Calamar" ospetsuan bezalaxe, irabazlea finala bizirik bukatzen duen azkena balitz? Zer gertatuko litzateke finalista denak emakumezkoak balira? Nolakoa litzateke edozein hizkuntzatan lehiatzen baimenduko lukeen finala? Edota bertsotan publizitatea onartuko lukeena?

EITBLab departamentuak sortutako idea da, eta Xabier Sukia eta Maddalen Arzallus aurkezle eta bertsolariak sormen prozesuan eta seriearen ekoizpenean parte hartu dute. Haiekin batera, aktore lanetan, Joxe Felipe Auzmendi, Aner Peritz, Itziar Urretabizkaia, Ane Gabarain, Kepa Errasti, Julene Iturbe, Uxue Alkorta, Aitzol Barandiaran, Nagore Aranburu eta Ainhoa Aierbe entzungo ditugu, besteak beste. On Time ekoiztetxearen eskutik, Iñaki Beraetxe zuzendariak eraman du ideia podcast formatura.

#10garrena podcastaren irudia

#10garrena podcastaren irudia

#10garrenak proposatuko dituen egoera ezohiko edota distopikoekin barre, negar edo dantza egingo dute entzuleek 20 minutuko zortzi atal hauetan zehar. Saioak, gainera, Bertsolari Txapelketaren finalerako bi lagunentzako sarrerak zozketatuko ditu astero Gazteako sareetan, Bertsozale Elkartearekin lankidetzan.