Itxi

EITB TALDEA

Kontzertua

Hertzainak taldeak gaur BEC!en emango duen kontzertua, zuzenean EITBn

EITB Media

80ko hamarkada hasieran sortutako talde mitikoak betiko utzi dizkigun "Ta zer ez da berdin", "Pakean utzi arte", "Aitormena" edo "564" eta beste kanta batzuekin, gau berezia bizitzeko aukera izango dugu EITBri esker.

0:37
Txanpi, Gari eta Josu Zabala Hertzainak taldeko kideak

Euskaldun askoren emozio kolektiboak berpiztuko dituen Hertzainak taldearen agur birako lehen kontzertua zuzenean eskainiko du EITBk gaur. Azkena gure alde izenburupean, Josu Zabalak, Iñaki Igon Garitaonandia Garik eta Luis Javier Sainz Txanpik Barakaldoko BEC!en egingo duten emanaldia ETB2n eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango dugu 22:00etatik aurrera.

80ko hamarkada hasieran sortutako talde mitikoak betiko utzi dizkigun "Ta zer ez da berdin", "Pakean utzi arte", "Aitormena", "564", "Arraultz bat pinu batean", "Drogak AEKn", "Hil ezazu aita", "Rock & roll batzokian" eta beste kanta batzuekin, gau berezi eta magikoa bizitzeko aukera izango dugu EITBri esker. Horretarako, profesional talde zabala arituko da lanean kontzertuaren neurrira egokitutako operatibo batean.

2019an, 35 urte bete ziren taldearen lehen diskoak argia ikusi zuenetik. Hori ospatzeko, Josu Zabalak eta Garik Inun baino alaiagoa izanen da izeneko emanaldi bereziak eskaini zituzten Kafe Antzokian eta Euskalduna Jauregian. Orduko magia berpiztea nahiko lukete publikoa behin betiko agurtzeko egingo duten bira honetan. Taula gainean, soka laukotea eta metal talde baten babesa izango dute.

Hertzainak zuzenean eta 360 gradutan

Errealizazio, produkzio, teknikari eta argiztatze arloko 30 profesional arituko dira lanean BEC!en. Ikuskizunaren emanaldia egiteko, 13 kamera erabiliko dira, tartean, "Burubero" izenekoa eta travellingean doazen kamera bereziak.

Bestalde, eta lehen aldiz, 360 graduko grabaketarako lau kamera berezi jarriko dituzte oholtzan eta inguruetan. Kontzertuaren biharamunean, era berezi horretan grabatutako hainbat kantu eskainiko dira EITBren YouTubeko kanalean. Era horretan, kontzertuaren esperientzian murgiltzeko aukera eskainiko zaie bertan egon zirenei eta egoterik izan ez zutenei. Lantalde berezi bat arduratuko da prestaketaz, grabazioaz eta formatu berritzaile horrek eskatzen duen post-produkzioaz.

Hitzorduari jarraipen berezia EITBko hedabideetan

Azkena gure alde kontzertu bira dela-eta, Hertzainak taldeak presentzia nabarmena izango du abenduaren 16ko astean EITBko albistegi eta saioetan. Bere musika entzungo da, taldearen ibilbidea aztertuko dute protagonistekin eta musika adituekin, eta herritarrei ere ahotsa emango diete, Hertzainaken inguruko oroitzapenak biltzeko. Irratian zein telebistan egingo diren erreportaje eta elkarrizketak eitb.eus webgunean egongo dira, eta EITBko sare sozialen bitartez, jarraipen estua egingo diote hitzorduari.