Itxi

EITB TALDEA

Aliantzak

EITBk Locals Only Saria emango du Bilbao Surf Film Festival jaialdian, Euskal Herriko film onena saritzeko

EITB MEDIA

Gainera, ostegunetik aurrera "Surfing 360" dokumental saila izango da ikusgai PRIMERAN plataforman, eta EITBk set berezia izango du irudiok errealitate birtualeko betaurrekoen bidez ikusteko. EITBren Bilboko egoitzan egin da bederatzigarren edizio honen aurkezpena astelehen honetan.

  • "Surfing 360", PRIMERAN plataforman

    "Surfing 360", PRIMERAN plataforman

Asteazken honetan, otsailak 28, hasiko da Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival (#LKBSFF2024) jaialdiaren bederatzigarren edizioa, eta EITB kolaboratzaile izango da bertan. Martxoaren 3ra arte egingo da surf jaialdia Getxoko Muxikebarri zentroan eta Bilboko Itsasmuseumean, eta 70 film baino gehiago proiektatuko dituzte. EITBk Locals Only Saria emango dio Euskal Herriko film onenari, 500 euroko golardoa. Aliantza berri honen helburua da euskal ikus-entzunezko ekosistema garatzen laguntzea, kirola, kultura eta jasangarritasuna eta itsasoarekiko eta gure ekosistemarekiko errespetua bezalako baloreak bateratuz.

Jaialdiaren aurkezpena astelehen honetan egin da EITBren Bilboko egoitzan. Ekitaldian, besteak beste, Xabi López (Iruñea, 2002) surflaria izan da, "Surfing 360" dokumental saileko protagonista. 12 ataleko transmedia dokumental sail berritzailea da "Surfing 360", errealitate murgiltzaileko teknologiarekin garatutakoa. 2023an zehar surflari gaztearekin batera grabatutako abentura sorta honek surfa berraurkitzera gonbidatzen gaitu, 12 tokitako 12 olaturen bitarteaz. Gainera, surfaren munduari lotutako 12 gai ere jorratzen ditu lanak: jasangarritasuna, berdintasuna, historia, kulturak, inklusioa, euskara... Trailerra inaugurazio ekitaldian proiektatuko da, eta lehenengo bi atalak otsailaren 29tik aurrera egongo dira ikusgai PRIMERAN euskarazko streaming doako plataforman.

Horrez gain, martxoaren 1ean, 2an eta 3an, EITBk set berezia izango du Bilboko Itsasmuseumaren kanpoaldean, errealitate birtualeko betaurrekoen bitartez "Surfing 360" filmaren irudiak ikusteko.

Pelikulen proiekzioekin batera, Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festivalek hainbat jarduera paralelo ere baditu, tartean erakusketak, kontzertuak eta hitzaldiak.
eitb.eus-ek hitzordu horietako batzuk eskainiko ditu, zuzenean, streaming bidez:

- Otsailak 29: LKBSFF PRO (09:30-14:00): Euskadin ekoiztea eta plataforma digitaletan banatzea / Ikus-entzunezko ekoizpenaren gakoak 2024an
- Martxoak 1: Surf jasangarriaren inguruko jardunaldi berezia (18:00-20:00)
- Martxoak 2: Kirol inklusiboaren aldeko martxa solidarioa eta kirol inklusiboaren jardunaldi berezia (11:00-13:00) / Skate txapelketaren finala + Sari banaketa #LKBSFF2024 (18:00-21:30)
- Martxoak 3: Surfera egokitutako teknologia berriak + Javier Amezaga: Bizitza osoa surfari emana (11:30-14:00).