EITB TALDEA
EITB 2030 Estrategia
EITBk tinko jarraitzen du gizarteari balioa eskaintzen, bigarren Inpaktu-Azterketaren datuen arabera
EITB Media
2023ko emaitzen ildotik, adostasun sozial handiko arloak daude, hala nola euskara, haurrak, kirola eta kultura. Oraingoan, EITBk esparru demokratikoan egiten duen lana ere aztertu da, eta emaitzek herritarren ahalduntzeari egiten dion ekarpena nabarmendu dute.
-
EITBk sortzen duen balioaren eta inpaktuari buruzko 2024ko txostena
EITB ikus-entzunezko taldeak bigarrenez aztertu du herritarrentzat duen balioa eta gizartean sortzen duen inpaktua, gardentasun ekimen berri batean. Txostena South 180 enpresa suitzarrak egin du eta dagoeneko eskura dago EITB Taldea atarian. Egitasmoaren helburua da gizartearen eskaerei zein beharrei erantzuteko lehentasunak eta lan-ildoak finkatzea, baita zerbitzu publiko izaerarekin bat datozen eremuak hobetzea ere.
1.601 pertsonari egindako pertzepzio-inkestaz gain, beste galdeketa bat egin da kultura-erakundeekin, eta eztabaida-taldeak antolatu dira gazteekin zein gurasoekin.
Lehenik eta behin, EITBk gizartea nola eraldatzen duen aztertu da. Hala, herritarren iritziz motor gisa jarduten du berdintasuna, osasun mentala, jasangarritasuna edo inmigrazioa bezalako gaiak ikusarazten, baina hobetzeko tartea dago oraindik. EITBk eskaintzen dituen haur eta gazteentzako edukien inguruan galdetuta, balio-pertzepzioa handia da. Bestalde, atal berri bat aztertu da herritarrek EITBren hedabideen zer nolako erabilera egiten duten eguneroko bizitzan eta horrek duen eragina ezagutzeko. Emaitzek diote balio handiagoa sortzeko aukera dagoela.
Kultura, kirola eta prestakuntza arloak aztertuta, EITBk euskararen zaintzan eta garapenean duen rola goraipatzen dute herritarrek, baita kirola sustatzen eta eskaintzen egiten duen lana. Halaber, nabarmentzen dute EITBk eskaintzen dituen edukiek lurraldearekiko eta bertako jendearekiko konexioa ez ezik, ikaskuntza ere sustatzen dutela. Bestalde, ikerketan parte hartu duten lurraldeko kultura-entitate eta -erakundeentzat EITB erreferentziako partner-a da, euren jardueren anplifikadore eta kolaboratzaile estrategikoa baita.
EITBk sortzen duen balio eta inpaktuari buruzko bigarren azterlanean gazteei eskainitako atal berezia dago. EITB gertuko hedabidea da euskal gaztediarentzat emozionalki, OTTei zuzendutako ikus-entzunezko kontsumoa egiten duten arren. Berebat, uste dute hedabide bakar eta besteak ez bezalakoa dela, lurraldearekin eta bertako jendearekin lotzen dituena.
Esparru demokratikoaren analisia
Gizarteak eremu honetan duen pertzepzioa ezagutzeko, 1.200 pertsonari eman zitzaien hitza 2024ko apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarreko Hauteskundeen aurretik eta ondoren. Erabiltzaileek diote EITBk laguntzen diela herritar gisa dituzten eskubideak ezagutzen eta euren iritzia osatzen. Hala ere, balioak behera egiten du alderdi politikoen proposamenak zein erabaki politikoen ondorioak ulertzen nola laguntzen duten galdetutakoan. Azpimarratzekoa da, baina, EITBren hedabideek egindako hauteskunde-kanpainaren jarraipenaren balio global positiboa.
Horrenbestez, azterlan berri honen emaitzek sendoak eta egonkorrak izaten jarraitzen dute. Balio indibidualaren pertzepzioa mantendu egin da eta balio sozialarena pixka bat hazi.