Itxi

EITB TALDEA

Albiste zerbitzuak

EITBren hedabideek jarraipen berezia egingo diote Frantzisko aita santuaren hiletari

EITB

eitb.eus-ek eta ETB1ek zuzenean emitituko dute ekitaldia, 10:00etatik aurrera, eta Euskal Telebistak albistegi bereziak eskainiko ditu, Erroman izango diren Xabier Usabiagak eta África Baetak gidatuta. Irratiek ere gertutik jarraituko dute elizkizuna, zuzeneko kontaketekin.

  • Frantzisko aita santuari azken agurra, EITBn

    Frantzisko aita santuari azken agurra, EITBn

EITBk jarraipen berezia egingo dio larunbat honetan Frantzisko aita santuaren hileta-elizkizunari, Vatikanoan. Gertakari historikoa izango da, zalantzarik gabe, eta EITBren hedabideek bere onena emango dute, beste behin, informazio eta aktualitate guztia geuregana ekartzeko.

Frantzisko aita santuaren hileta zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus-en, streaming bidez, eta azken orduaren jarraipen berezia egingo dute webgunean. ORAIN albiste-zerbitzuaren bitartez eta EITBren sare sozialetan ere jarraitu ahal izango da egunak ematen duena.

ETB1ek ere zuzenean eskainiko du elizkizuna, Odei Esnaolaren gidaritzapean. Euskal Telebistak "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegi bereziak egingo ditu, eta Erroman izango ditugu Xabier Usabiaga eta África Baeta, Ane Irazabal eta Eli Lizundia berriemaile bereziekin batera.

Gainera, gaur bertan, In Viaggio, viaje con el Papa Francisco - In viaggio, Frantzisko Aita Santuarekin bidaiatzen (2022) dokumentala eskainiko du ETB2k, 23:20an. Bertan, Frantzisko aita santuaren gurutze-bide propioa sortu du Gianfranco Rosi zuzendariak, bidaia horietan guztietan aita santuari jarraituta, hark ikusten zuena ikusita eta esaten zuena entzunda. PRIMERAN plataforman ikusgai dugu, euskaraz.

Larunbatean Vatikanoan gertatzen den guztia bertatik bertara jarraituko du Radio Euskadik ere. Izaro Baza berriemaile berezia arduratuko da minutuz minutukoa kontatzeaz Aitziber Bilbaok zuzendutako "Crónica de Euskadi Fin de Semana" saioan. Atarikoan analisirako mahai izango dute, eta elkarrizketa egingo diote Loli Asua EHUko irakasle eta Elizbarrutiko Pastoral Kontseiluko kideari. Ondoren, Almudena Cachok hartuko du lekukoa, "Más Que Palabras" programan. Hiletaren inguruko berezia egingo dute lehen orduan, eta euskal elizako ahots esanguratsuak izango dituzte bertan.

Euskadi Irratiak ere elizkizunean gertatzen den guztia ekarriko digu. 10:00etatik aurrera, Gorka Otaegik gidatutako "Amarauna" saioan jarraipena egingo dute, Imanol de la Varga berriemaile bereziaren ahotsean. Analisi-mahai bat ere izango dute, liturgian eta teologian adituekin.