EITB TALDEA
Itzalaldia
Nola lortu zuen EITBk etenik gabe emititu ahal izatea itzalaldian?
EITB Media
Atzoko itzalaldi orokorra salbuespenezko egoera izanda ere, ia gorabehera gabeko eguna izan zen EITBn, eta ez zen etenik egon emisioetan. Erantzun hori herritarrei egiazko informazioa emateko eta herritarrek informazioa jasotzeko duten eskubideari eusteko bermea da.
-
EITB Taldea
Izan ere, itzalaldia izan eta berehala, egoearari neurria hartu eta krisi-kabinetea deitu zen. Bertan zeuden gerentzia, produkzio, teknologia, sistemak, esplotazio eta albistegietako arduradunak. Balorazio azkarra egiteko, bi kide nagusirekin jarri ziren harremanetan: EJIE eta ITELAZPI.
EJIEren zerbitzuari esker, adibidez, ez zen mahai gaineko telefono zerbitzua galdu, eta horrek ahalbidetu zuen, neurri handi batean, komunikatzeko aukera, mugikorren sarea erorita baitzegoen. Egoitzatik kanpo zeuden profesionalekin koordinatzeko eta seinaleak konektatzeko izan ziren zailtasun operatibo nagusiak.
ITELAZPIren egitura sendoari esker, baieztatu egin zuen EITBren telebista seinalea biztanleen % 90engana iritsi zitekeela, eta irratia, estaldura osoarekin. Ikus-entzuleek etxean argindarra izan balute, seinalea ikus ahalko zuten, alegia. Itzalaldia izan zen tokietan, inguruan energia berreskuratu ahala, zentro errepikagailu horien igorpena aldi berean berreskuratzen joan zen.
Nola bermatu zen EITBn lan egin eta seinale eta programazioa aurrera eramatea? EITBk indar konexio bikoitza daukalako Bilboko zein Miramongo egoitzetan, ekipo elektrogenoak eta etenik gabeko elikadura-sistemak.
Nola funtzionatzen dute? Kaletik datorren hornidura orokorraren mozketa detektatzerakoan, minutu bateko tartean talde elektrogenoak martxan jartzen dira (gasolio bitartez) eta indarra ematen diete SAI etenik gabeko elikatze-sistemei, azken horien bateria agortu ez dadin. Produkzio eta igorpenerako ezinbesteko ekipo eta sistemak azken honetara konektatuta daudenez, aktibitatea etenik gabe bermatzen da kanpoko hornidura berreskuratu bitartean.
Astelehen honetan 24 orduz jarraian etenik ez egoteko adina baliabide zegoen, eta hori handitzeko hornidurak ere abiatu ziren. Ondorioz, gaurtik aurrera, etenik gabe 3-4 egunez aritzeko baliabideak ditu EITBk.
Giza baliabideen aldetik ere kabinete krisia deitu zen, eta zuzenekoak egiteko gaitasuna aztertu. Pertsonaleko kontingentzia plana martxan jarri, eta programazio bereziari egokitu zitzaion. EITBko profesionalek, beste behin, onena eman zuten egoerari aurre egiteko. Bereziki aipatzekoa da lantaldeen jarrera eta prestutasuna, lanean ez zeuden hainbat profesionalen aldetik ere.
Gaur ere ahalegin berezia egiten ari dira EITBko hedabideak itzalaldiaren biharamunaren inguruko azken ordukoa herritar guztiei helarazteko, programazio eta zuzeneko bereziekin.