Itxi

Donostiako Aste Nagusia

DONOSTIAKO JAIAK

Donostiako Aste Nagusiko programazioa, lehen aldiz APP batean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Aurten, nazioartetik ekarritako su artifizialak lehiatuko dira Donostiako zeruan, Europako Kultur Hiriburutzari keinu eginez.

Donostia prest dago abuztuaren 13tik 20ra Aste Nagusia hartzeko. Europako Kultur Hiriburutzarekin bat eginda, 427 ekitaldi daude programatuta Gipuzkoako hiriburuko jaietarako. Aurten, gainera, lehen aldiz mugikorretarako aplikazio batean kontsultatu ahal izango da programazio osoa: 'Aste Nagusia' izeneko APP-a jarri dute erabiltzaileen eskura. eitb.eus-en ere kontsulta dezakezu Donostiako Aste Nagusiko egitaraua.

Eneko Goia Donostiako alkateak eta Alfonso Gurpegui Festa Jardueretako zinegotziak eman dute aurtengo programazioaren berri, goizean, hedabideen aurrean. Jaietan parte hartzeko deia egin dute, betiere, errespetua erdigunean jarrita. Sexu erasorik gabeko eta  errespetuan oinarritutako festak izan behar dutela esan du alkateak. 23 festa-gune prestatu dituzte, hiri osoan.

Tradizioari eutsiz, ohiko kanoikadarekin abiatuko dira abuztuaren13an Donostiako jaiak, Artillero Nagusiaren eskutik. 'Alli Abajo' telesail arrakastatsuko aktore euskaldunak izango ditu bidelagun. Udalak 26.000 lepoko zapi banatuko ditu egun horretan herritarren artean.

Urtero bezala, musika zaleek izango dute zer gozatua, Sagueseko Zabaldegiko kontzertuetan gustu guztientzat izango baita aukera: Ken Zazpi, Fangoria, Efecto Pasillo, Antonio Orozco, Sweet California, Celtas Cortos, Protocolo Kaoshy  edota  Javier Gurruchaga entzuteko aukera izango da, besteak beste.

Gauero, berriz, nazioartetik ekarritako  su artifizialak lehiatuko dira Donostiako zeruan, eta, aurten, suen bildumak Europar hiriburuei egingo die keinu.  Kontxako badian, bestalde, piroteknia ikuskizun berezia izango da azken egunean, ur gaineko plataforma batetik; Ricasa  enpresaren ikuskizuna izango da, musikaz lagunduta, Juanjo Oconen zuzendaritzapean.

Gazteentzat zita arrakastatsuenetakoa hilaren 15ean izango da, Piraten abordaiak hartuko baitu Donostiako itsasertza. Ehunka gaztek euren ontziak hartu eta uretara salto egingo dute, festaz gozatzera.

Eta herri kirolak, zezenketak, lehiaketa gastronomikoak eta beste ekintza ugari egongo dira herritarren eskura Donostiako hiriburuan abuztuaren 13tik 20ra.