Itxi

Herriak eta Hiriak

Dantzaldi Ibiltaria

Bermeok 'Dantzazale Eguna' hartuko du larunbat honetan

E. Lotina | eitb.eus

Urtero bezala, AIKO Taldeak bere Dantzaldi Ibiltariari amaiera ematen dio- 4000 ikasle baino gehiago izan dituen ikastaroa- egun osoko jai batekin. Aurten Bermeon izango da.

  • Artxiboko irudia: AIKO taldea

    Artxiboko irudia: AIKO taldea

AIKO Taldeak Bermeora eramango du aurten bere Dantzaldi Ibiltaria ikasturteko ohiko agur festa. Larunbat honetan taldeko musika eta dantza maisuek bertan antolatu dute ‘Dantzazale Eguna’, edozeinentzat irekita dagoen ekitaldia.

Urtero bezala, AIKO Taldeak bere Dantzaldi Ibiltariari amaiera ematen dio- 4000 ikasle baino gehiago izan dituen ikastaroa- egun osoko jai batekin. Aurten Bermeon izango da eta erromerien giroa bertara eramango du taldeak.

13:00etan, sokadantza bat dantzatuko da Goiko Plazan eta, honen ostean, AIKO Taldeko musikari eta dantza maisuek bertaratutako guztiei dantzatzera eta kalejira-dantzapoteo batera gonbidatuko dituzte.

Ondoren, 14:30ean, txakolia dastatzeko aukera izango du hurbildu den edonork, hau Bermeoko Kafe Antzokian izango da eta, goizeko ekitaldiekin amaitzeko, honen ostean bazkaria egingo dute.

Arratsaldeko 17:00etan, bazkaria eta gero, jotak, jauziak, mazurkak, valsak, pasodobleak… berriz entzungo dira dantzaldi-erromeria batean eta publikoak dantzatzeko aukera izango du AIKO Taldeko maisuekin batera.

Bi ordu baino gehiagotan dantzazaleak gozatzeko aukera izango dute eta, beranduago, Bizkaiko Gaiteroen txanda izango da. 20:00etan, Dantzari Eguna alaitzeaz arduratuko da talde hau; Bizkaiko Gaiteroak Bizkaiko jai herrikoiak alaitzeaz arduratzen da eta betiko soinuak eskaintzen die bertaratzen diren herritarrei, buruhandi eta erraldoiekin batera entzuten ziren soinuak bezalakoak direnak.

Egitaraua:

13:00 Sokadantza Goiko Plazan eta ondoren kalejira-poteo-dantzaldia
14:30 Txakoli gonbidapena Bermeoko Kafe Antzokian
15:00 Bazkaria Bermeoko Kafe Antzokian
17:00 Dantzaldi-erromeria AIKO Taldearekin
20:00 Bizkaiko Gaiteroak
22:00 Amaiera