Herriak eta Hiriak
Aste Nagusia
Bilboko Aste Nagusiaren azken txanpa
EITB.EUS
Igande honetan Marijaiari agur esateko unea iritsiko da, Aste Nagusiari azken puntua jartzeko. Ekitaldia zuzenean jarraitzeko aukera eskainiko dute eitb.eus atariak eta ETB1ek.
Larunbat honetan, abuztuak 26, Bilboko Aste Nagusiaz gozatzeko asmoa duten milaka pertsona hurbilduko dira Bizkaiko hiriburura, Marijaiari agur esateko unea heltzeko ordu batzuk besterik ez direnean geratzen. Bihar gauean erreko dute Bilboko jaietako erregina, eta ekitaldia zuzenean jarraitzeko aukera eskainiko dute 22:00etatik aurrera eitb.eusek eta ETB1ek.
Marijaia datorren urtera arte alde egin aurretik, Bizkaiko hiriburura hurbiltzen diren pertsona guztiek ekitaldiz betetako asteburua izango dute. Larunbat honetan jai eremuan antolatutako zuzeneko musika ikusteko azken gaua izango da. Dena dela, oraindik asteburu luzea dago aurretik. Eguna hasteko, erraldoien eta buruhandien kalejira ikusteko aukera egongo da (11:00etatik aurrera), gaitariekin eta txistulariekin. Ordu horretan bertan, Txikiguneak ateak irekiko ditu, eta ordubete geroago, bilbainadak izango dira Pergolan. Gainera, bilbainadak gustuko dutenek Bilbotarrak entzuteko aukera izango dute Zazpi Kaleetan. Aurreko egunetan bezala, herri-kirolak izango dira Areatzan.
13:00etan, Andoni Egañak, Oihana Iguaranek, Xabier Payak eta Aitor Sarriegik bertsoak abestuko dituzte Santiago Plazan. Ordu erdi geroago, kaleko antzerkiaz gozatzeko aukera egongo da Arriaga Plazan. 14:30ean, berriz, gastronomia-lehiaketako sarien banaketa egingo da Areatzan.
Arratsaldean, indarrak hartu ostean, euskal dantzak hartuko ditu Plaza Barriak. Abandoibarran berriz, Go!azen telesaileko aktoreek dantzan jarriko dituzte lekura hurbiltzen diren pertsona guztiak, bereziki Aste Nagusirako prestatu duten emanaldi batean.
22:45ean su artifizialen txanda izango da. Aurten, Bizkaiko Astondoa pirotekniak ez du lehiaketan parte hartuko, baina kolorez betetako erakustaldia prestatu du. Gauean, kontzertuak izango dira nagusi. Abandoibarran, Kikok eta Sarak haien abesti ezagunenak kantatuko dituzte, eta Europa Parkean Green Valley taldea arituko da.
Igandean jaiak agurtuko dituzte bilbotarrek, baina Marijaia Udaletxeko zubiaren aurrean erre aurretik zenbait jarduera egongo dira. Besteak beste, bilbainadak, euskal dantzak, antzerkia antolatu dituzte, eta Txikiguneak ere zabalik izango ditu ateak.
Argiz betetako ibaiadarrak agurtuko du Marijaia
Marijaiaren erreketak azken puntua jarriko dio Aste Nagusiari, bihar, abuztuak 27. Bederatzi jaiegun bizien ondoren, ?Agur, Marijaia? kantaren soinuarekin batera, jaien irudi den emakumea garren artean desagertuko da hurrengo urtean, berriz, indar gehiagorekin berragertzeko.
21:00etan, hainbat traineru Deustuko klubetik atera eta Pio Barojako pantalanera zuzenduko dira. Guztira, 28 arraunlari zuriz jantzita eta jaien zapia lepoan jarrita pregoilaria eta txupineraren bila hurreratuko dira. 21:45ean, arraunlariek beraien arraunak altxaturik, Nati Ovelleiro pregoilariari eta Ane Ortiz Askapeña Konpartsako txupinerari harrera egingo diete. Biei ongi etorria emango zaie, dantza zein txistu musika ikuskizun batekin.
22:00etan, ontziak Mesedeetako zubira abiatuko dira Marijaia itsasadarretik burutuko duen ibilbidetik gidatzeko. Agurra 22:20ean hasiko da. Marijaia ?Tomatera? deritzon ontzian igota Areatzako zubitik Udaletxera joango da. Ibilbidea 25 minutuko iraupena izanik.
Musika ibilbide guztian zehar entzun ahal izango da itsasadarreko bi aldeetan jarriko diren soinu-dorreei esker. Udalak argi makilak banatuko ditu bilbotarrek Marijaia burutuko duen ibilbidea argitu dezaten eta txosnek beraien argiak itzaliko dituzte merezi duen agurra eskaintzeko. Udaleko zubira heldu ahala, pregoilariak hitz batzuk eskainiko dizkio Marijaiari, eta 22:35ean inguru, erreko da.