Itxi

Herriak eta Hiriak

Sestao

Navalek ostiralean aurkeztuko du hartzekodunen konkurtsoa

Agentziak | Erredakzioa

Navaleko langileek hiru hilabeteko aldi baterako lan-erregulazioko espedientea onartu dute.

1:26

Sestaoko Navaleko zuzendaritzak ostiralean aurkeztuko du hartzekodunen konkurtsoa, kable-ontziko armadoreak eta ontziolako langileen batzordeak akordioa adostu ostean, eta, halaber, ontziolako langileek hiru hilabeteko aldi baterako lan-erregulazioko espedientea onartu eta gero.

Living Stone ontziak "ostirala baino lehen" utziko du Sestaoko ontziola, hori baita enpresa batzordeak eta Navaleko zuzendaritzak adostutakoa, Europa Press albiste agentziak ezagutzera eman duenez.

Sindikatuek nolabaiteko "bermea" eskatu zioten zuzendaritzari, orain arte horretan lanean aritu diren inguruko industria osagarriko enpresek ontzian lan egiten jarraitzeko Sestaoko ontziolatik eraman ondoren. Antza, sei edo zazpi hilabete baino ez dituzte behar ontzia erabat amaitzeko.

Zuzendaritzaren proposamena eztabaidatu ostean, azkenean, enpresa batzordeak lan-erregulazioko espedientea onartu du. Urriaren 9an hasi eta abenduaren 31n bukatuko da, eta Sestaoko ontziolaren 181 langileri eragingo dio, asteazken honetan enpresa batzordeak agiri batean jakinarazi duenez.

Bestalde, lan-erregulazioko espedientea indarrean dagoen bitartean, batetik, Van Oordekin negoziaziatzen jarraitzea eta, bestetik, eraikitzeko dauden dragei jarraitasuna ematea izango da enpresaren eta batzordearen helburua. Izan ere, 2018a inolako lan-erregulazioko espedienterik gabe lanean hastea espero dute langileek.

Hartzekodunen eta lan-erregulazioko espedientea aurkezteko datak zehaztuta, zuzendaritzaren eta kable-ontziaren arteko akordio ekonomikoaren nondik norakoak ezagutzea falta da, orain dela gutxi armadoreak ontzia eramaten saiatu baitzen.

Hori horrela, Living Stone ontziaren "egungo" balioa zehaztea falta da, sindikatuen arabera. Antza, Navaleko zuzendaritzak 9,5 euro eskatu dizkio ontzi-jabeari.