Itxi

Herriak eta Hiriak

GASTEIZ

Gasteizko Gabonetako haur parkea 'munduari bira' emateko abentura bihurtuko da

Ixone Arana | EiTB.eus

Jarduerak gizarte etxeko hainbat espaziotan eta Maurice Ravel lorategietan jarriko dira.

  • Isabel Martinez, Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzia. Argazkia: Vitoria-Gasteiz twiterra

    Isabel Martinez, Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzia. Argazkia: Vitoria-Gasteiz twiterra

Hegoalde gizarte etxeak Gasteizko Gabonetako haur parkea hartuko du abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra arte. Munduari bira leloarekin, aurtengo programak familia osoarentzako askotariko jarduerak (kultura, kirola, aisia, animazioa, parte-hartzea) eskainiko ditu.

Isabel Martinez Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotziak parkea udal instalazioetan kokatzearen garrantzia nabarmendu du “haur gehiagori bertara joateko aukera emateko”. Gainera, Martinezen esanetan, “kudeaketa publikoa denez, Udalak berak jarri ditu kultura eta aisialdirako irizpideak, balioak eta baldintzak, bai eta gehieneko prezioak ere”.

Jarduerak eta atrakzioak gizarte etxeko hainbat espaziotan eta Maurice Ravel lorategietan jarriko dira. Kantxa nagusiaz gain, Jesus Ibañez de Matauco antzokia, igerilekua, elkartze-aretoa eta gainerako jarduera-aretoak erabiliko dira.

Hegoalde barruan, hauek izango dira jarduera eta atrakzio nabarmenenak: jauziak, tren siberiarra, F1eko simulagailuak, errealitate birtualerako betaurrekoak dituzten kontsolak, lantegiak, puzgarriak, ludoteka eta ur-jolasak.

Kanpoan, berriz, atrakzio hauek egongo dira: aerogiroa, tirolina, kart pista, auto elektrikoen pista txikientzat, segway zirkuitua, globo aerostatikoa, itsasontzi telegidatuak, etab. Bestalde, hainbat emanaldik osatuko dute programa; Pupu eta Loreren Euri tanta banintz lanaren estreinaldia, tartean.

Gainera, behar bereziak dituzten pertsonen integrazioa bermatzeko, begirale espezializatuak izango dira eskatzen duen orori laguntzeko.

Datak, orduak eta prezioak

Eguberrietako haur-parkeak abenduaren 26an irekiko ditu ateak eta urtarrilaren 4ra arte izango dira zabalik. Goizez eta arratsaldez joan ahalko da bertara: 10:00etatik 14:00etara eta

16:30etik 20:30era. Abenduaren 31n, baina, goizez bakarrik egongo da zabalik, eta urtarrilaren 1ean egun osoan egongo da itxita.

Umeentzako sarrerak 2,5 euro balioko du goizetan eta 3 euro arratsaldeetan, eta horiei laguntzera joaten direnek euro bat ordaindu beharko dute. Salmenta erraztearren, enpresak http://www.eventos.grupodisport.es/ web orrialdea jarri du erabiltzaileen esku, sarrerak aurretik eskuratu ahal izateko, eta abenduaren 13tik aurrera izango da erabilgarri.