Herriak eta Hiriak
Abenduaren 21ean
Donostiako San Tomas azokak baserritar jantzien lehiaketa bat hartuko du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
370 kiloko Ursula txerria izango da jaiko protagonista. Azokak 200 postu izango ditu.
-
Santo Tomas Donostia 2016
Donostiako San Tomas azokak 200 postu izango ditu aurten, eta, berrikuntza nagusi gisa, baserritar jantzien lehen lehiaketa hartuko du. Aurtengo protagonista Ursula txerria izango da (370 kilokoa da).
Urtero lez, Gipuzkoako hiriburua jai giroaz bustiko da abenduaren 21ean. 10:00etatik 20:00etara, 200 postu izango dira. Horietako 52 txistorretakoak izango dira; 44, artisautzakoak; 23, gozokietakoak; 17, taloetakoak; eta, 13, gazta eta esnekietakoak.
11:00etan, Euskal Herriko XXII. txistorra lehiaketa egingo dute Gipuzkoa plazan.
Halaber, aurten lehenengoz, baserritar jantzien lehen lehiaketa egingo da, Gero Axularrek antolatuta. Guztira 120 pertsonak hartuko dute parte: 30 gizon, 30 emakume, 30 mutil eta 30 neska.
Herri kirolek ere garrantzia izango dute jaian, eta emakumeen parte-hartzeak ere bai. Izan ere, bigarrenez, emakumezkoen pilota eta aizkolari txapelketak egingo dituzte, Trinitate plazan.
Gainera, 20:00etan, “Obabakoak” antzezlana taularatuko dute Victoria Eugenian.
Besteak beste,ekitaldi hauek ere egingo dira: barazki eta fruta lehiaketa, kalejirak, haurrentzako jolasak eta tailerrak, dantzak eta erromeria eta bertso-pelota.
Aurtengo azokaren protagonista Ursula txerria izango da. 370 kilokoa da, eta Leitzako (Gipuzkoa) Arro baserritik etorriko da.
Jai guztietan bezala, Udalak sexu erasoak prebenitzeko kanpainak egingo ditu.