Itxi

Herriak eta Hiriak

Sexu-erasoa

Taberna bateko jabea atxilotu dute Bilbon bost emakumeri sexu-eraso egitea egotzita

Agentziak | Erredakzioa

Bere tabernan zerbitzari gisa lan egiteko elkarrizketetan alkohol maila handiko edariak ematen zizkien neskei, eta, biktimak alkoholaren eraginpean zeudenean, taberna itxi eta sexu-erasoa egiten zien.

  • Iturriondo taberna, Bilboko Iturribide kalean. Irudia: EiTB

    Iturriondo taberna, Bilboko Iturribide kalean. Irudia: EiTB

Ertzaintzak Iturribide kaleko Iturriondo tabernako jabea atxilotu zuen asteartean Bilbon, bere tabernan zerbitzari gisa lan egiteko proposamena egin zien bost emakumeri sexu-erasoa egitea egotzita. Atzo, aske utzi zuten, baina Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du.

Ikerketa astelehenean abiatu zen, 20 urteko emakume batek alkoholaren menpe zegoela sexu-erasoa jasan izana salatu ostean.

Egun horretan bertan, antzeko beste lau salaketa jaso zituen Ertzaintzak. Bilboko taberna bateko jabeari egotzi zizkioten emakume guztiek delitua.

Salaketak argitzeko ikerketa abiatu ostean, Ertzaintzak 45 urteko gizon bat atxilotu zuen astearte gauean, sexu-eraso horien ustezko egilea zelakoan.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, akusatuak 20 eta 25 urte arteko emakumeak aukeratzen zituen bere tabernan lan egiteko, eta asteburuetan, igandeetan, taberna itxita zegoenean, egiten zien elkarrizketa.

Atxilotuak alkohol maila handiko edariak ematen zizkien neskei, tabernan lan egiteko zerbitzatzen diren edariak ondo ezagutu behar zituztela esanez, aitzakia gisa.

Gizonak, berriz, alkohol gutxi edo alkoholik gabeko edariak hartzen zituen, eta biktimak alkoholaren eraginpean zeudenean, sexu-erasoa egiten zien.

Ertzaintzak ez du ikerketa bukatutzat eman; izan ere, ez dute baztertzen antzeko erasoak jasan dituzten emakumeen salaketa gehiago jasotzea.

________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.