Itxi

Herriak eta Hiriak

Jaiaren hasiera

Arabak larunbat honetan San Prudentzio ondratuko duela iragarri du erretretak

Agentziak | Erredakzioa

Festa 20:00etan hasi da udaletxeko balkoian erretretarekin. Ordubete geroago Arabako Aldundiko balkoian errepikatu da.

6:17

Arabak larunbat honetan San Prudentzio zaindaria ondratuko duela iragarri dute tronpetek eta danborrek erretretan, arratsaldean, Gasteizko udaletxearen balkoitik aurrena, eta Arabako Aldundiarenetik ondoren.

Festa 20:00etan hasi da udaletxeko balkoian erretretarekin. Ordubete geroago Arabako Aldundiko balkoian errepikatu da.

Besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Pedro Elosegi Batzar Nagusietako presidentea eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea bertan izan dira.

Jai giroan murgilduta, danborradan, 23:00etan eta Probintzia plazatik abiatu dira danborrariak, kantinerak, sukaldariak eta upelak, festa soinekoekin jantzita.

Kolore gorri, urdin, berde eta zuridun jantziak urtebetez gordeta egon dira gaur arte. Gasteizko lehen danborradaren protagonistak (1975) oroitu dituzte gauean.

San Prudentzio jaietako ekitaldi erakargarrienetariko bat da; izan ere, ia 30 bat gastronomia elkartek parte hartzen dute. Arabako hiriburuaren erdialdeko kaleetan barrena ibilbidea egin dute.

Dantzaldia

Han, ohi bezala, dantzaldia egin dute, Joselu Anaiak musika taldearen eskutik. Aurten festetako pregoilariak izan dira. 30 urteko ibilbide artistikoan hainbat aldiz jo dute taldeko kideek San Prudentzion.

Baina festako egun handia larunbat honetakoa izango da, orduan jai giroa Armentiako zelaietara lekualdatuko baita. Milaka gasteiztar eta bisitari erromerian hurbilduko dira bertara. Meza eman eta Armentiako basilikaren kanpoaldean prozesioa egingo dute, 11:00etan.

Eguraldiak horretarako beta ematen baldin badu, nahiz eta onbera izango denik ez du ematen, dozenaka postuetan gastronomia produktuak dastatzeko aukera izango dute bisitariek, indarberritzeko.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Arabako gizarteari harrera egingo dio Artium Museoan. Euskaltzaindiari eta Eusko Ikaskuntzari Arabako Domina emango dizkie ekitaldian. Bi sarituek 100 urte bete dituzte.