Herriak eta Hiriak
Sanferminak
Entzierro azkarra eta zirraragarria egin dute Victoriano el Rioren zezenek
eitb.eus
2 minutu eta 20 segundotan osatu dute ibilbidea. Zorua bustita zegoen eta, ikusitako erorikoak eta kolpeak gorabehera, ez da inor adarkadaz zauritu.
Victoriano del Rio Cortesen zezenek, Guadalix de la Sierratik (Madril) etorritakoek, oso entzierro arina eta zirraragarria egin dute, 2018ko sanferminetan.
Euri arina izan da lehen orduan seigarren entzierro honetan. 2 minutu eta 20 segundo eman dituzte zezenek Santo Domingoko kortatik zezen plazan dagoenera heltzeko. Bi zezen beltz izan dira taldeburu ia denbora osoan, gaztaina koloreko iledun batekin batera, baina une batzuetan haien anaiengandik bananduta egon dira, atzean geratu ez badira ere.
Korrikalari gutxiago egon dira gaurkoan eta, halere, tentsio uneak bizi izan dira Estafetako bihurgunean, baten bat hormaren eta zezenaren artean harrapatuta geratu baita. Telefonican, gainera, zezenetako bat lurrera erori da, hesitik oso gertu.
08:00etan puntuan abiatu da zezen taldea Santo Domingoko kortatik, bat eginda, joaldun bat buruan zegoela. Zezen beltz bat ere kokatu da taldearen aurrealdean, eta postuari eutsi dio lasterketa osoan zehar.
Egoera horretan elkartu dira korrikalariekin, eta parez pare egin dute zati hori, gaztaina kolorekoa apur bat atzean geratzen hasi bada ere.
Argazkiak
Udaletxe plazan zezen beltzak aurrea hartu du eta taldearen buruan jarri da, zati hori abiadura bizian zeharkatuta, eta horrek eragin du horietako batek irrist egitea Mercaderesen, baina berehala altxatu da.
Kalea ziztu bizian egin dute eta Estafetako bihurgunera abiatu dira. Leku korapilatsu hori erorikorik izan gabe egin dute, baina korrikalari batzuek susto handia hartu dute, zezenen eta hormaren artean geratu baitira.
Erritmoari eutsita eta bi zezen beltz aurrean egonda, korrikalariek leku zabalagoa izan dute tarte horretan lasterketan ibiltzeko, taldea luzatu baita, hutsuneak eginez; halere, zezen batek baino gehiagok bekokiarekin jo dituzte korrikalari batzuk, erorarazita.
Argazkia: EFE
Telefonican, zezen batek irrist egin du eta, horrekin batera, korrikalari gehiago erori dira, arrisku eta tentsio uneak eraginda, plazara sartu aurreko kalean bezalaxe. Puntu horretan, eroritako zezenaz gain, beste bat eskuineko hesira hurbildu da, adarrak korrikalari baten aurpegiaren ondoan zituela.
Azken metroetan taldea bitan banandu da, eta horrela sartu dira plazan, hirunaka, inolako arazorik gabe kortaraino helduta.
Ganadutegiak zortzi zezen eraman ditu Iruñera, horietako sei mulato beltzak, beltz bat eta gaztaina koloreko beste bat. 510 eta 610 kg artean pisatzen dute.
Eskarmentu handiko korrikalaria, zauriekin
Jokin Zuasti Iruñeko eskarmentu handiko korrikalaria -40 urte baino gehiago daramatza entzierroetan- izan da gaurko lasterketan zauritutako korrikalarietako bat. Zezen batek harrapatu du, ospitaleko kanpoaldean adierazi duenez.
Zuasti Telefonica tartetik Nafarroako Ospitalera eraman dute gaur goizean, buruan traumatismo arina eta garondoan zauria zuela, baina sendagiria jaso du dagoeneko.