Herriak eta Hiriak
Gertaerak
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen udaltzainak aizkora batekin mehatxatzeagatik
agentziak
Bestalde, beste gizonezko bat ere atxilotu dute Arabako hiriburuan, anaiari eraso egin eta labana bat sartzen saiatzeagatik, eztabaida batean.
41 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, Udaltzaingoaren agenteei aizkora batekin mehatxu egitea egotzita, bikotekidearen bila joan zirenean.
Bart, 21:30ean, agenteak atxilotua eta haren bikotekidea bizi diren etxebizitzara joan ziren, Alde Zaharrera, eta bertara heldu zirenean, gizonak aurre eta mehatxu egin zien.
Udaltzainek emakumearen gaineko errekisitoria egiaztatu ondoren, gizona haiei aizkora batekin eraso egiten saiatu zen.
Poliziek hainbatetan eskatu ondoren, azkenik gizonak amore eman, eta aizkora lurrean utzi zuen. Orduan, atxilotu egin zuten, aizkora batekin mehatxu egin, desobedientzia eta agintedunari larri aurre egitea leporatuta.
Bestalde, 42 urteko gizon bat ere atxilotu dute Arabako hiriburuan, anaiari eraso egin eta labana bat sartzen saiatzeagatik, eztabaida batean.
Erasoa atzo 16:00ak jotzear zirenean gertatu zen. Ordu horretan, Zaramaga auzoko etxebizitza batean bi anaiaren arteko eztabaida izan zela ohartarazi zuen bizilagun batek, 092 telefonora egindako dei baten bidez.
Aurrean egon zen loba batek esku hartu, eta, azkenean, eztabaida baretzea lortu zuen. Alabaina, eztabaidan, bietako batek besteari eraso zion, eta, gainera, aizto bat sartzen saiatu zen, Udaltzaingoak ohar baten bidez gaur azaldu duenez.
Erasoa jasan zuen gizonak eta senide batek agenteei esan zietenez, horrelako eztabaidak gero eta sarriago gertatzen dira, eta, hori dela eta, agenteek ustezko erasotzailea atxilotu zuten, etxeko indarkeria delitua egotzita.