Herriak eta Hiriak
Araba
Aguraingo igerilekua berriro zabalik, kloro isuriaren ostean
EITB.EUS
Kloro ihesa dela eta, hogei lagun inguru eraman zituzten Aguraingo anbulatoriora eta bi adin txikiko Txagorritxu Ospitalera. Dagoeneko etxean daude guztiak.
-
Agurain
Atzo izandako ezbeharraren ostean, normaltasuna da nagusi Aguraingo igerilekuan. 16:00ak aldera, kloro isuria gertatu zen bertan, eta, ondorioz, hainbat lagun artatu behar izan zituzten. Arabako suhiltzaileek argitu zutenez, ura ponpatzeko gailu batek izandako arazoak eragin zuen kloro ihesa.
Esan bezala, hogei bat lagun zeuden bertan ordu horretan. Horietako asko eztulka hasi eta ondoezik jarri ziren. Horregatik, aipatu udalerriko anbulatoriora eraman zituzten. Gainera, bi adin txikiko Txagorritxu Ospitalean artatu behar izan zituzten, baina ordu batzuk geroago alta eman zioten.
Gertatutakoa ikusita, igerilekua jendez hustu eta itxi zuten sorosleek.