Herriak eta Hiriak
Metro Bilbao
Metro Bilbaok ohiko maiztasunak izango ditu irailaren 3tik aurrera
EiTB.EUS
Halere, irailean zerbitzua mantenduko du ostiral gau guztietan; hau da, hilaren 7an, 14an, 21ean eta 28an.
-
Metro Bilbao. Artxiboko irudia: EiTB
Behin abuztua amaituta, Metro Bilbaok atzean utziko du datorren astelehenean, irailaren 3an, udako ordutegia, eta ohiko maiztasunak berreskuratuko ditu. Halere, irailean zerbitzua mantenduko du ostiral gau guztietan; hau da, hilaren 7an, 14an, 21ean eta 28an. Egun horietan, ekainetik izan diren maiztasun berberak izango dituzte metroek, Metro Bilbaoko iturriek eitb.eus-i jakitera eman diotenez.
Metroa Kabiezesko geltokian hartzen dutenek 05:56ean izango dute San Ignaziorako lehen zerbitzua, eta 3 eta 7 minutu arteko maiztasuna izango du 07:30etik aurrera. Plentziatik San Ignaziora joateko lehenengo metroa 06:00etan irtengo da, eta 20 minutuan behin izango da zerbitzua, egun osoan. Zazpikaleak geltokian, 06:06an izango da lehen zerbitzua San Ignaziora bidean, eta 06:11n, Basaurirantz.
Irailean, uda osoan bezala, zerbitzua gau osoan izanda, herritarrek herriko eta auzoko jaiez erosotasunez gozatzea du helburu Metro Bilbaok.