Herriak eta Hiriak
Jaiak
Lekeitio urdinez jantzi da, Antzar Eguna ospatzeko
EiTB.EUS
Jendetza espero dute Lekeition, eta, ondorioz, 11:00etatik 18:00etara ezingo da erdigunera autoarekin sartu. Euskalmetek eguraldi ezegonkorra iragarri du, eta euria eta ekaitza egin lezake.
Milaka lagun bilduko dira asteazken honetan Lekeition, Antzar Eguna dela eta. Herriko jendea ez ezik, kanpotik heldutako hainbat festazale ere elkartuko dira Bizkaiko kostaldeko herri honetan, antzara-jokoa gertutik ikusteko. Ezaguna den festa horretako parte-hartzaileek antzarei burua moztea izango dute helburu. Horretarako, hainbat ontzi aterako dira portutik, kuadrillen artean lehiatzeko eta antzara besapean hartuta ahal bezain beste altxaldi egiteko.
Aurten, 90 talde izango dira norgehiagokan. 34 kuadrilla benetako antzararekin lehiatuko dira, eta 56, 'antzartek' gomazko antzararekin. Aurten, lehen aldiz, talde gehiagok egin dute gomazkoaren alde. Iaz, adibidez, 83 ontzi atera ziren, eta horietako 36k soilik erabili zuten gomazkoa.
Egitaraua
10:00etan hasiko da festa. Ordu horretan, herriko musika banda kalejiran irtengo da, herri osoa zeharkatzeko. Goiz osoan, haurrentzako jolasak izango dira herriko plazan, eta 12:00etan egingo dute ontzien zozketa.
Hala, 16:00etan aterako da antzararen bila lehenengo taldea, lau orduko ikuskizun arrakastatsuari hasiera emango dion aurreneko ontzia.
19:30etik aurrera, Tex & Sun Flower Seed eta DJ Txako, Xabi Solano (Esne Beltza) eta Oxabi taldea igoko dira plazako agertokira.
Trafikoa
Jendetza espero dute Bizkaiko kostaldeko udalerrian, eta, hori dela eta, 11:00etatik 18:00etara debekatu egingo dute erdigunera autoarekin sartzea. Aparkatzeko arazoari irtenbidea emate aldera, Udaltzaingoak aldi baterako aparkalekuak jarriko ditu herriaren irteeran, Artadi inguruan.
Gainera, Bizkaibusek autobus zerbitzu berezia eskainiko du, joan-etorrien maiztasuna areagotuz.
Eguraldiaren iragarpena
Euskalmetek egindako iragarpenaren arabera, asteazkena egun ezegonkorra izango da. Zerua lainotuta egongo da, eta euria egingo du tarteka. Gainera, litekeena da ekaitza ere izatea, batik bat, arratsalde partean. Goizean, berriz, eguraldia ez da hain ezegonkorra izango, baina euri-zaparradaren bat edo beste botako du.
Tenperaturak ez du aldaketa nabarmenik izango.