Herriak eta Hiriak
Euskal Jaiak
8.750 euroan erosi du Ordiziako gazta irabazlea SS Gastronomikak
AGENCIAS | REDACCIÓN
45. edizio honetan, Lekarozen jaiotako Julen Arburua gaztea izan da irabazlea. Urtero bezala, ardi latxaren esne gordinarekin egindako gaztak lehiatu dira Ordiziako azokan.
San Sebastian Gastronomika biltzarrak 8.750 euro ordaindu ditu Ordiziako gazta irabazlearen erdiagatik. Euskal Jaiak ospatzen dabiltza 750 urte bete dituen Gipuzkoako aipatu udalerrian, non Idiazabalgo gazta onenak saritu dituzten.
45. edizio honetan, Lekarozen jaiotako Julen Arburua 26 urteko gaztea izan da garaile. Urtero bezala, ardi latxaren esne gordinarekin egindako gaztak lehiatu dira aurten Ordiziako azokan.
Juan Mari Arzak sukaldariak zuzendu du gazta onena aukeratzeaz arduratu den epaimahaia. Bertan parte hartu dute, baita, Martin Berasateguik, Hilario Arbelaitzek, Pedro Subijanak, Helena Arzakek, Ander Gonzalezek, Zigor Iturrietak, Aizpea Oihanederrek eta Nicolas Ramirezek.
Hala, enkantean, 500 euroan gainditu du San Sebastian Gastronomikak iaz Carrefourrek ordaindutako zenbatekoa (8.200 euro). 2017ko edizioan, Aiako Jose Luis Odriozolaren gazta batek jaso zuen saria.
1980an egin zuten estreinakoz Idiazabalgo gazta onena eskaitzen duen enkantea. Orduan, Juan Mari Arzakek 12.000 pezeta (72 euro) ordaindu zituen gazta irabazleagatik. Harrezkero, 2014an jo zuen gorena aipatu enkanteak. Izan ere, duela lau urteko lehiaketan, 13.050 euroan erosi zuen gazta Ampo S. Cooperativa enpresak. 2015ean, berriz, Catalana Occidentek 7.600 euro ordaindu zituen, eta hurrengo urtean Okeletxe taldeak 8.000 eurora igo zuen eskaintza.