Itxi

Herriak eta Hiriak

Bidaiak

'The Guardian'ek Bilbo eta euskal gastronomia ezagutzera gonbidatu ditu irakurleak

EiTB.EUS

"Bilbao baggings, the ultimate picnic road trip" goiburua aukeratu du The Guardianek Bilbori buruz argitaratu duen artikulurako, zeinetan euskal produktuen kalitatea nabarmentzen duten.

  • Bilbao. Argazkia: Txaro Ortiz de Zarate

    Bilbao. Argazkia: Txaro Ortiz de Zarate

The Guardian egunkari britainiarrak "Bilbao baggings, the ultimate picnic road trip" artikulua argitaratu du aste honetan, Euskal Herriari buruz hitz egiteko, baina, bereziki, Bilbon jarri du arreta.

Hain zuzen ere, Bizkaiko hiriburuko bazter interesgarrienak erakutsi eta euskal gastronomiak eskaintzen dituen aukera ezberdinak nabarmendu ditu. Hala, Michelin izarra duten hainbat sukaldari aipatu ditu: Eneko Atxa, Elena Arzak, Andoni Luis Aduriz eta Victor Arginzoniz, horien artean. Halaber, euskal sukaldaritzak erabiltzen dituen kalitateko produktuei egin die aipamen.

Esan bezala, leku ezberdinak zeharkatu ditu artikuluan, baita bederatzi natur parke ezagutarazi ere. Nolanahi dela, Bilbo ezinbesteko geralekua dela gogorarazi die irakurleei, dela jatetxeengatik, dela saltokiengatik. Gainera, Bizkaiko hiriburuko txoko bukolikoenak aurkeztu ditu: Artxandako behatokia eta Casilda Iturrizar parkea, esaterako.

Donostiako Kontxa hondartzaren parekorik ez duen arren, Bilbo inguruetan ere toki turistiko erakargarriak daudela azpimarratu du. Adibide gisa jarri ditu, horretarako, Bizkaiko kostaldeko Getxo, Gorliz, Mundaka eta Bermeo udalerriak.

Barnealdera sartuta, The Guardianek Urkiola eta Gorbeia natur parkeetako mendiak bisitatu ditu, baina Euskal Herrira bidaiatuz gero txakolina nahitaez dastatu behar dela azpimarratu du.

Bukatzeko, Arabako Errioxako upategietan barneratu da, Guardian eta Lapuebla de Labarcan, besteak beste.