Itxi

Herriak eta Hiriak

Mugikortasunaren Astea

Bilbok 'Autorik gabeko eguna' ospatuko du larunbat honetan

eitb.eus

2018ko Mugikortasunaren Aste Europarrarekin bat egin du Bilbok, mugikortasun jasangarria sustatzeko asmoz.

  • Semana Europea de la Movilidad, Bilbao 2018, Paseo en Bicicleta. Foto: Ayuntamiento de Bilbao.

    Semana Europea de la Movilidad, Bilbao 2018, Paseo en Bicicleta. Foto: Ayuntamiento de Bilbao.

Aurten Bilbok hemeretzigarren aldiz parte hartu du Europar Batasunak eta Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak sustatutako Mugikortasunaren Aste Europarrean, "Bilbo nire kotxe barik!" ekimenarekin, larunbat honetan, irailaren 22an.

Autorik gabeko egunarekin 12 orduz mugikortasun jasangarria sustatu nahi du Bilboko Udalak.

Astea domekan (irailak 16) hasi zen aurten Bilbon, Areatzatik abiatutako bizikleta-ibilaldi herrikoi batekin. Aste osoan, hainbat hitzordu izan dira, eta asteburuan emango zaio amaiera, hilaren 21etik 23ra arte, orduan Mugikortasunaren Azoka egingo baita Erripa Kaian.

Asteburu honetan, Mugikortasunaren Azokaren barruan, Bilbobus Gunea izango da, eta han ezarriko dira umeentzako jarduera gehienak, musika-eremu bat, food truckak, ibilgailu jasangarrien erakusketa bat eta erabilera askokoa izango den karpa zentrala.

Mugikortasunaren Europako Astearen harira, Udalak bizikletak mailegatzeko udal-zerbitzu berriaren irudi kooperatiboa eta zerbitzu horretarako aurkeztu duen bizikleta elektrikoen modeloa aurkeztu du; zerbitzu hori datozen asteetan jarriko du Udalak abian.

Ildo horretan, laster itsasadarreko errepidetik Bilbo eta Erandio lotuko dituen bidegorriaren proiektua aurkeztu du Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak aste honetan.

Lehen aldiz 2002an egin zenetik —Autorik Gabeko Eguna egiten zen ordura arte—, Mugikortasunaren Europako Astearen etengabe handituz joan da urtez urte, bai Europan, bai munduko bazter guztietan. 2017an, kanpainak parte-hartzearen markak hautsi zituen: Europako 2.526 herri eta hiri.

Edizio bakoitzean, Mugikortasunaren Europako Asteak gai zehatz bat hartzen du ardatz, betiere mugikortasun jasangarriarekin zerikusia duena. «Mix&Move» da aurtengo gaia, "Konbinatu eta mugitu".