Gizartea -
Elkartasun lasterketa
Bularreko minbiziaren aurkako borrokak Bilboko kaleak hartuko ditu urriaren 7an
Elkartasun ekimenak 10.000 korrikalari bildu eta salmentan jarritako dortsalak agortu zituen iaz, aurreko urteetako “arrakasta” errepikatuz.
Agentziak | Erredakazioa
Acambi elkarteak Bilboko kaleetan ibilbidea antolatu du urriaren 7an, bularreko minbiziaren aurka borroka egiteko eta eritasunak jotako pertsonei elkartasuna adierazteko.
Elkartasun ekimenak 10.000 korrikalari bildu eta salmentan jarritako dortsalak agortu zituen iaz, aurreko urteetako “arrakasta” errepikatuz.
Maite Elorriaga elkarteko presidenteak prentsaurrekoan, Bilbon, azaldu duenez, elkartasun lasterketa bost kilometroko “proba ez lehiakorra” da, “publiko mota orori irekia” eta “korrikan ala ibiltzen egin daiteke”.
Lasterketa urriaren 7an, igandean, 11:00etan abiatuko da Guggenheim Museotik, eta itsasadarraren bazterretik jarraituko du, Euskalduna jauregira bidean. Behin Euskaldunan, parte-hartzaileak Euskalduna zubitik jaitsiko dira, Ibaizabaleko beste ibaiertzetik udaletxera heltzeko.
Korrikalariak Deustu, Pedro Arrupe eta Salbeko zubien azpitik pasako dira “ikuspegi bikainekin gozatuz”, ondoren Campo Volantin pasealekutik udaletxera heltzeko.
Behin udaletxean, zubia gurutzatu, arrapala jaitsi eta Uribitarte pasealekutik Guggenheim Museora itzuliko dira. Elorriagaren hitzetan, lasterketa 11:00etan hasi eta aurreneko korrikalariak 11:23ean helmugara heltzea espero da.
Lasterketaren ostean, entretenimendu eta aisialdirako jarduerak izango dira, Zumba erakustaldi bat barne. Ondorioz, jaia gutxi gorabehera 13:00ak arte luzatuko da.
Sei eurorekin izena eman eta elastikoa, dortsala, anoa-postu, asegurua eta laguntzarako eskubidea izango dute parte-hartzaileek. Nahiz eta lasterketan ez parte hartu, lagundu nahi dutenek dirua kontu korronte batean sartu eta 0 dortsala bereganatu dezakete.
Dortsalak agortu arte online izena emateko aukera izango da. Elastikoak eta dortsalak Forum Sport dendetan edo Acambiren egoitzan urriaren 2tik 5era jaso ahal izango dira.