Itxi

Herriak eta Hiriak

Hitzarmena, kolokan

FCC eta GSMSrekin garbiketa kontratua eteteko prozesua abiatu du Gasteizko Udalak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, neurri horren helburua da "zerbitzua behar bezala ez emateak Arabako hiriburuan ekarriko lituzkeen ondorioak saihestea".

  • FFC eta GMSM. Artxiboko argazkia: EiTB

    FFC eta GMSM. Artxiboko argazkia: EiTB

Gasteizko Udalak, garbiketa zerbitzua esleitze aldera, kontratua zeukan adostuta FCCk eta GMSMk osatutako aldi baterako enpresa-elkartearekin (ABEE), baina ostiral honetan hitzarmena eteteko prozesua abiatu du. Hain zuzen ere, "erabakia justifikatzen duten interes publikoko arrazoiak badaude", kontratua etengo dute.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak prentsaurreko batean eman du erabakiaren berri. Aurretik, Udal Batzordeak onartu du neurria, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak lan-gatazka horren harira emandako ebazpenaren ondotik.

Aipatu erakundeak "zerbitzua behar bezala ez emateak Arabako hiriburuan ekarriko lituzkeen ondorioak saihesteko asmoz" proposatu zuen neurri hori.

Gauzak horrela, ostiral honetan abiatutako prozesuak hiru hilabeteko epea emango die Udalari eta garbiketa ABEEri hitzarmenaren amaierarekin lotutako akordioa erdiesteko. Aitzitik, arazoa konponduko balitz, Udalak berehala ekingo lioke kontratu berri baten esleipenari.

Neurria justifikatzeko, hainbat arrazoi aipatu ditu Urtaranek: aldi baterako enpresa-elkarteak dituen prozedura judizialak, Udalak ABEE horri ezarritako zigorrak eta azken hilabeteetan sortutako lan-gatazka, besteak beste.

"Denok dakigu ez direla kontratua betetzen ari. Horregatik abiatu dugu hitzarmena eteteko prozesua edo berorren gaineko akordioa lortzeko bidea", azaldu du alkateak. Halaber, gogora ekarri du ez dutela nahi "hiriari beharrezkoa den zerbitzu bat ematen dion kontratuak amaiera latza izatea".