Herriak eta Hiriak
Trafikoa
Gipuzkoako errepideetako trafikoari ere eragingo dio Behobia-Donostia lasterketak
eitb.eus
09:45ean hasiko da lasterketa, baina ibilgailuentzat itxita edo ordezko bideak izango dira igandean, azaroaren 11n, 06:00etatik aurrera.
-
Behobia-Donostia lasterketako azken edizioa / EFE.
Behobia (Irun) eta Donostiaren arteko ibilgailuen trafikoari ere eragingo dio bi udalerrien arteko lasterketaren 54. edizioak azaroaren 11n, igandean, 06:00etan hasi eta proba bukatu arte.
Etenak
Irunen, Oxinbiribilgo eta Behobiako biribilguneen arteko zatia itxita egongo da 06:00etatik aurrera. Ordezko bide bat jarriko dute 54 poligonotik autoentzat, eta AP-8tik, ibilgailu astunentzat.
Gaintxurizketa gaineko ohiko by-passa igande goizaldean hasiko dira. 08:30ean egongo da prest. GI-636 errepidearen Irungo noranzkoa parte-hartzaileak Errenteriara bideratzeko erabiliko da, eta Donostiako noranzkotik ibilgailuak igaroko dira, GI-2638 errepidearekin lotuta (Lezo-Gaintxurizketa).
08:30ean, GI-636 errepidea itxita egongo da ibilgailuentzat 7,9. kilometrotik (Gaintxurizketa gaineko hasiera) 2,5. kilometroraino (Altamira). Ordezko bidea eskainiko dute GI-2638 errepidetik (Gaintxurizketa-Lezo-Altamirako biribilgunea).
Donostiako trafikoari eta garraio publikoari ere eragingo die lasterketak.
Gomendioak
Gaintxurizketa eta Pasaia bitartean, GI-636 errepidearen ardatza ez erabiltzea gomendatzen du Trafiko Zuzendaritzak, eta ordezko bideak hautatzea. Izan ere, itxita egongo da denbora luzean.
Halaber, ezingo da baimenduta ez dagoen beste jarduerarik egin (oinez joan, zenbakirik gabe korrika egin, bidean sartu eta abar), arriskutsua izan daitekeelako lasterketan parte hartzen dutenentzat.
Gainera, Segurtasun Sailak gogorarazi duenez, oinezkoek arreta berezia izan beharko dute galtzada eta bazterbideetatik oinez ibiltzeko orduan, eta arauak bete behar dituzte: kontuz zirkulatu, zirkulazioa ez eragotzi, ilaran joan...
Ibilbidea
09:45ean hasiko da lasterketa, ordu horretan abiatuko baitira gurpildun aulkietan arituko diren parte-hartzaileak; bost minutu geroago irtengo dira ibilbidea patinetan egingo dutenak, eta 10:15ean izango da oinezkoen txanda.
Parte-hartzaileak GI-646tik joango dira. Gaintxurizketa igo ondoren, Errenteria eta Pasaia igaroko dituzte. Mirakruz gainetik sartuko dira Donostian, eta Ategorrieta eta Nafarroa etorbideak pasatuko dituzte, Boulevardean bukatzeko. Eguerditik aurrera hasiko dira garbitzeko lanak.