Itxi

Herriak eta Hiriak

Adierazpen instituzionala

Udalak gaitzetsi egin ditu Manzanares-Cortes familiaren aurkako 'protesta bortitzak'

Agentziak | erredakzioa

Aztegietako auzokide talde batek 'protesta bortitzak' egin zituen ostiralean, 'Pichiak' hara lekualdatzearen aurka.

  • SOS Arrazakeriak auzi honetan izan den xenofobia salatu du. Argazkia: EiTB

    SOS Arrazakeriak auzi honetan izan den xenofobia salatu du. Argazkia: EiTB

Gasteizko Udalak gaitzetsi egin ditu ostiralean Aztegietako bizilagun batzuek 'Pichiak' izenaz ezaguna den Manzanares-Cortes familiaren kontra egindako "protesta bortitzak".

Adierazpen publiko batean, Udalak azpimarratu du ez duela onartuko indarkeria zuzen edo zeharka erabiltzea edozein helburu lortzeko.

Udalaren ordezkariak Manzanares-Cortes sendiko kideekin batera Alokabidek emandako etxebizitza ikustera joan zirenean jazo ziren protestak.

Gasteizko Udalaren arabera, hainbat pertsona etxeko atalondoaren aurrean elkartu ziren, protesta egiteko. Barrukoak atera zirenean, gizon batek gasolinaz busti zuen bere burua, eta Peio Lopez de Muniain alkateordearengana hurbiltzen saiatu zen "bere buruari sua emateko asmoz".

Horrez gain, 'Pichien' kontrako pankartak jarri zituzten kalean.

"Zorionez, prebentziozko neurri gisa bertan zegoen Udaltzaingoaren patruila batek ezbeharra saihestu zuen", nabarmendu du Udalak, adierazpen horretan.

Gainera, beste pertsona batek mehatxu larriak eta irain homofoboak egin zizkion Lopez de Munaini, 8 urteko neskato bat aurrean zegoela.

Gertakari horien aurrean, Gasteizko Udala era guztietako diskriminazio xenofoboen eta homofoboen kontra agertu da, eta delitu izan daitezkeen jokabide guztiek ondorioak izango dituztela ohartarazi du.