Herriak eta Hiriak
Michelin
Sukaldari bilbotar batek lehen Michelin izarra lortu du ‘tablao’ flamenko batentzat
Agentziak | Erredakzioa
David Garcia bilbotarra Madrilgo ‘Corral de la Moreria’ tabernako sukaldaria da. Michelin Gidako lehen izarra eskuratu du ‘tablao’ flamenko horrentzat.
-
David Garcia, sukaldari bilbotarra. Argazkia: EFE
David Garcia sukaldari bilbotarra buru duen Madrilgo taberna flamenko batek lehen Michelin izarra lortu zuen atzo, asteazkena, Lisboan. ‘Corral de la Moreria’ tabernako langileek txalo eta oihu artean hartu dute gaur sukaldaria. Izan ere, Garciak urtebete besterik ez darama flamenkoa eta euskal sukaldaritza tradizionala uztartzen, eta bezeroei “esperientzia gastronomiko ahaztezina” eskaintzen.
“Bazkariaren bitartez adierazten dut nire barnean daramadana, eta haiek musikaren eta dantzaren bitartez. Hemen gertatzen den guztia egia da: gure ohitura, kultura eta nortasuna da. Atsegin handiz egiten dugu lan, egunero ahalegin handia eginez”, esan du sukaldari bilbotarrak tabernara iristean. Langile guztiak zain izan ditu, izendapena ospatzeko gogoz.
Garciak esan duenez, “oso pozik” dago Michelin izarra “ospe handiko taberna” horri eman diotelako. Halaber, 53 urte hauetan, artearekin eta kulturarekin lotutako une ahaztezinak bizi izan dituztela nabarmendu du.
Bilbotarrak ‘Corral de la Moreira’ tablao flamenko horrek dituen bi sukaldeetan egiten du lan. Alde batetik, oholtza dagoen tokian “karta zabala” eskaintzen diete bezeroei. Beste alde batetik, lau mahai besterik ez dituen jatetxe bat dago, bereizita dagoen eremu batean. Kasu horretan, bezeroentzako afaria prestatzen du sukaldariak.
Hori izan da Michelin izarra lortu duena. Garciaren esanetan, 50 langilek egunero egiten duten "lanaren eta maitasunaren emaitza" da. Ildo horretatik, taldeka lan egiten dutela nabarmendu du, eta aurten ere Espainiako Gastronomia Saria irabazi dutela azaldu du.¡Tenemos Estrella Michelin en Corral de la Morería! Sorprendidos y entusiasmados, queremos dar las gracias a Guía Michelin, nuestros clientes y colaboradores, y todo el equipo de Corral de la Morería #GuiaMichelin2019 #michelinstar19 @GuiaMichelin_ES pic.twitter.com/t9bIRL76OI
— Corral de la Morería (@CorralMoreria) 21 de noviembre de 2018
“Lau mahai izanda, maitasun asko eskaini ahal diozu bezeroari, baina 40 mahai izango banitu ez nuke aukera hori izango”, esan du sukaldariak. Halaber, bezero guztiekin hitz egiteko aukera izatea “ohore handia” dela gaineratu du.
“Gauzak argi izatean dago gakoa. Lehengai onak, teknika, ingurua eta zure ideiak babesten dituen lantaldea ezinbestekoak dira arrakasta izateko”, azpimarratu du Garciak. Azkenik, berak prestatzen dituen bazkarietan “euskal jatorria” nabarmentzen ahalegintzen dela azaldu du.