Herriak eta Hiriak
Itzalaldia
Matxura batek argindar barik utzi ditu Gasteizko ia auzo guztiak
EiTB.EUS
Aliko azpiestazioan izandako matxura batek eragin du etena. Iberdrolaren esanetan, 75.000 bezerori eragin die itzalaldiak.
-
Arabako Batzar Nagusiak, ia ilunpetan. Argazkia: Jose Damian Garcia
Argindar barik geratu dira goizean Gasteizko hainbat auzo, Arabako hiriburuko Udalak eitb.eus-i baieztatu dionez. Iberdrolak jakinarazi duenez, Aliko azpiestazioan matxura izan da eta horrek eragin omen du etena. 11:00etarako, kasuen % 97an konponduta zegoen arazoa.
Udalaren arabera, 09:55 aldera izan da etena, eta kasu gehienetan, 15 bat minutukoa izan da. Iberdrolaren hitzetan, 74.000 bezerori eragin die etenak. Konpainiak emandako datuen arabera, lau minutu igarota berreskuratu dute hornidura bezeroen % 30ek; 15 minuturen buruan, % 67k zuten argindarra; 21 minutura, % 80k, eta 45 minutura, % 95ek. 11:00etarako, 4.000 bezero zeuden oraindik argindar barik, eta arazoa konpontzeko lanean zegoen Iberdrola.
Itzalaldiaren ondorioz, argi barik geratu dira etxebizitza, denda eta enparauetan. Semaforoek funtzionatzeari utzi diote eta tranbiaren zerbitzua eten behar izan dute. 15 minuturen buruan berrezarri dute, atzerapenak egon diren arren.
Gasteizko tranbia. Zerbitzurik gabe linea osoan arazo tekniko bategatik. Barkatu eragozpenak
— Euskotren (@euskotrenEJGV) 28 de noviembre de 2018
Gasteizko tranbia. Zerbitzua berrezarrita baina atzerapenekin. Zirkulazioa erregulatzen ari gara
— Euskotren (@euskotrenEJGV) 28 de noviembre de 2018
Itzalaldiak erakunde publikoetako jardunari ere eragin dio. Arabako Batzar Nagusiek osoko bilkura une batez eten behar izan dute. Gasteizko Udalean ere Batzorde baten bilera bertan behera utzi behar izan dute.
¿ Vuelve la luz y se reanuda el pleno de @jjggalava pic.twitter.com/fMRJWpPHF7
— José Damián García ¿ (@josedamian1980) 28 de noviembre de 2018
Arabako Lurralde Auzitegian ere eragina izan du argindar etenak, eta 'De Miguel auzia'ren epaiketan atsedena egin behar izan dute. Txagorritxuko eta Santiago Ospitaleetan, berriz, argindar-sortzaileei esker ez dute trabarik izan.
Gasteizko auzo gehienetan geratu dira argindar barik. Besteak beste, Zabalganan, Avenidan, Erdialdean, San Martinen eta Alde Zaharrean.