Herriak eta Hiriak
Eguberriak
Bilbok Gabonetako merkatua zabaldu du, gastronomia eta apaingarri 15 saltokirekin
Agentziak | Erredakzioa
Urtarrilaren 6ra arte zabalik egongo da. Gabonart Artisautza Azoka merkatuaren alboan jarri dute aurten aurrenekoz.
-
Gabonetako merkatua zabaldu du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Argazkia: Bilboko Udala
Gabonetako merkatua zabaldu du gaur Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. 15 kasetak osatzen dute. Gastronomia, opariak eta apaingarriak, besteak beste, eskainiko dituzte dendariek. Urtarrilaren 6ra arte zabalik egongo da.
Merkatua Areatzako kaian dago, eta BilbaoGabonak programaren parte da. Udalak 400 jarduera baino gehiago prestatu ditu aurten, Gabonetan ere “bisitariak” Bizkaiko hiriburura “erakartzeko”, Udalak berak jakitera eman duenez.
Arbaso Elkarteak antolatutako Gabonart Artisautza Azoka merkatuaren alboan jarri dute aurten aurrenekoz. 50 bat artisauk euren lana erakutsiko dute bertan.
Gainera, urtarrilaren 6 arte ere, Erripa kaian, mutikoek eta neskatoek aisialdirako eremu handi bat izango dute: tailer eta jokoez gozatzeko 400 metro karratuko karpa bat.
Gabonetako beste berritasun bat izotz pista izango da, eta baita sei erreiko txirrista ere; biak Erripa kaian. Azaroaren 29tik martxan daude, eta dagoeneko 14.000 pertsona hurbildu dira.