Itxi

Herriak eta Hiriak

Istiluak

Bost lagun atxilotu dituzte Gasteizko Gaztetxea hustera joan direnean

Agentziak | Erredakzioa

Gaztetxeko arduradunen esanetan, ordea, ez dute lokala hustu. Udaltzaingoaren jarrera oldarkorra salatu dute Gazte Asanbladako iturriek.

1:05
Gasteizko gaztetxea

Gasteizko Udaltzaingoa eta Ertzaintza Gasteizko Gaztetxea hustera joan zen atzo goizean, eta bost pertsona atxilotu zituzten, ordutegia ez betetzeagatik eta agenteei aurre egiteagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Gaztetxeko arduradunek bestelako bertsioa eman dute: euren esanetan, ez zuten lokala hustu eta agenteek bortxa erabili zuten bertan bildutakoen kontra. Atxilotutako bost lagunak aske geratu dira azken orduetan, baina epaileak noiz deituko zain daude.

Gertakariak urtarrilaren 1eko 09:00ak aldera jazo ziren. Iturri ofizialek (Eusko Jaurlaritza eta Gasteizko Udala) eta Gasteizko Gaztetxeak bertsio kontrajarriak eman dituzte jazotakoen inguruan. Lehenengoen hitzetan, gauerdian hainbat herritarren kexak jaso zituen Udaltzaingoak Gaztetxean "gehiegizko zarata" zegoela eta. Patruila bat joan omen zen musika jaisteko eskatzera.

Goizean, herritarrek kexatzen jarraitzen zutela ikusita, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren hainbat patruila hurbildu ziren lokaletik jendea ateratzera. Orduan gertatu ziren liskarrak. Jaurlaritzaren arabera, 90 bat gaztek botilak eta antzeko beste tresna batzuk bota zizkieten agenteei. Osasun zerbitzuek bi ertzain artatu behar izan zituzten, baina zauri arinak baino ez zituzten.

Oso bestelakoa izan da lokal autogestionatua kudeatzen duen Gazte Asanbladaren kontakizuna. Alde batetik zehaztu dute Gaztetxea ez zutela hustu. Asteazken honetan kaleratutako ohar batean nabarmendu dutenez, "hainbat hedabidek kontrakoa esan duten arren, Udaltzaingoa inongo aurreabisu barik sartu zen Gaztetxera, oso modu oldarkorrean. Oraindik ez dakigu zergatik sartu ziren hamarnaka udaltzain jarrera mehatxatzailearekin, inolako azalpenik eman gabe eta elkarrizketarako inongo abagunerik eman gabe. Gehiegizko zaratagatik sartu omen ziren, ez dugu sinisten".

Salatu dutenez, Udaltzaingoa lokalaren kanpoaldean zirenei indarrez oldartu zitzaien eta hainbat pertsona identifikatu eta zauritu zituzten.

Gaztetxearen hitzetan, Urteberri egunean jazotakoek helburu zehatza dute: "Gatazkatsua ez den espazio horren irudi okerra eskaintzea". Horren aurrean, "auzoko bizikidetza" sustatzen jarraituko dutela azpimarratu dute.