Herriak eta Hiriak
Donostia
Urrezko Danborra eta Hiritar Merezimenduaren Dominak berretsi ditu udalbatzak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Udala osatzen duten alderdi politiko guztien babesa lortuta, Rosa Garcia Kaleratzeak Stop plataformako kideak jasoko du Urrezko Danborra.
-
Rosa Garcia, 2019ko Urrezko Danborra. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Donostiako udalbatzak aho batez berretsi du 2019ko Urrezko Danborra Rosa Garcia Kaleratzeak Stop plataformako kideari ematea. Halaber, aurtengo Hiritar Merezimenduaren Dominak berronetsi ditu.
Ezohiko udalbatzarra izan dute gaur Gipuzkoako hiriburuko udal ordezkariek. Horiek guztiek Rosa Garciaren aldeko botoa eman dute, herritarren proposamena onartuz.
Orain arte, zazpi emakumek soilik (% 9,3) jaso dute Urrezko Danborra. Aldiz, 68 dira (% 90,7) 1967az geroztik sari hori eskuratu duten gizonak.
Rosa Garcia ez ezik, Esther Ferrer artista, Alicia Amatriain dantzaria, Dolores Redondo idazlea eta Ane Gabarain aktorea ziren hautagaiak. Ohi bezala, urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean, jasoko du Garciak golardoa.
Gaurko udalbatzara itzulita, Hiritar Merezimenduaren Dominak ere berretsi dituzte. Hain zuzen ere, Elizaran Ikastetxea, Gaztetxo antzerki taldea eta Eragin, Hazi eta Ikasi eta Ancora elkarteak dira aurtengo sarituak. Egun bat lehenago, urtarrilaren 19an, banatuko dute sari hori.
Bestalde, ezohiko batzarraren hasieran, ordezkari guztiek minutu bateko isilunea gorde dute, azken astean Donostian gertatu diren emakumeen aurkako erasoak gaitzesteko.