Itxi

Herriak eta Hiriak

Inauteriak

Otsailaren 2an zeharkatuko ditu Donostiako kaleak Hungariako kaldereroen konpartsak

EiTB.EUS

Inude eta Artzainen Konpartsa, berriz, otsailaren 3an irtengo da, 12:00etan. Biek ala biek inauterien etorrera iragarriko dute Donostiako kaleetan barrena desfilatuz.

  • Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalaren eta Inude eta Artzainen Konpartsaren aurkezpena

    Kaldereroen aurkezpena. Argazkia: Donostiako Udala

Hungariako kaldereroen konpartsa tradizionala datorren larunbatean, otsailaren 2an, aterako da Donostiako Alde Zaharreko kaleetatik, 21:45etik aurrera. Kresala Elkarteak antolatu ohi duen Inude eta Artzainen Konpartsa, berriz, otsailaren 3an, igandean, irtengo da, 12:00etan.

Bi ekitaldiak gaur goizean aurkeztu dituzte. Aurkezpenean Alfonso Gurpegui, Festa Jardueretako zinegotzi ordezkaria, Maribel Gartzia eta Monika Miranda, Hondarribiko Alarde mistoko Jaizkibel konpainiaren ordezkariak, eta Hungariako kaldereroen konpartsa tradizionalaren ordezkari batzuk izan dira.

Inude eta Artzainen konpartsen izenean, Artañu Groseko Artzai eta Inudeak konpartsako Cristina Dominguezek eta Aitzol Enak eta Amarako Ikasbide Guraso Elkartea konpartsako Maika Nodarrek, Cristina Churrucak eta Ainhoa Dorronsorok parte hartu dute.

Esan bezala, otsailaren 2an, larunbatean, hirian zehar ibiliko dira kaldereroen konpartsak, inauterien etorrera iragartzeko.

Alfonso Gurpeguik azaldu duenez, ia auzo guztiek izango dute konpartsa: Aiete, Altza, Amara, Antigua, Erdialdea, Egia, Gros, Herrera, Loiola eta Alde Zaharra. Orotara, 4.414 pertsona izango dira desfileetan.

Festa Jardueretako zinegotziaren esanetan, konpartsa tradizionala Lasala plazatik abiatuko da, eta 19 tribuk osatuko dute.

Bere 25. urteurrena ospatze aldera, Ikasbide ikastolak konpartsa bat aterako du otsailaren 10ean, eta martxoaren 2an Antiguaren txanda izango da.