Itxi

Herriak eta Hiriak

Feminismoa

Gasteizko Emakumeen Etxea martxan jartzeko hitzarmena sinatu dute

eitb.eus

Proiektua aurrera eramateko Udalak Etxanobe jauregia lagako du, 90.000 euroko ekarpena egingo du eta 2019. urterako plan operatibo bat egingo du.

Emakumeen Etxea martxan jartzeko hitzarmena sinatu dute Gasteizko Udalak eta Sorginenea-Gasteizko Emakumeen Etxe Elkarteak. Bertan, proiektua kudeatzeko eta garatzeko lankidetza esparruak zehaztuta daude, hala nola Etxanobe jauregiaren lagapena, 90.000 euroko ekarpena eta 2019. urterako plan operatiboa.

Proiektuaren definizioaren arabera, emakumeen etxea "inklusiboa, irekia eta askotarikoa izango da". Eta honako helburu hauek ditu, besteak beste: Gasteizko erreferente bihurtzea emakume guztientzat eta feminismoaren eta berdintasunaren alde lan egiten duten kolektibo guztientzat, sormena eta hausnarketa.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak esker ona adierazi du hitzarmenarekin: “Pauso garrantzitsu bat eman dugu, guztiok batera egindako lanaren fruitua jaso baitugu”, azaldu du. Elkarlana alderdi politiko guztiek, talde eragileak, Berdintasun Zerbitzuak eta hiriko emakume-elkarteek eta mugimendu feministak lortu dute, alkatearen arabera.

Abenduaren 31ra arte egongo da hitzarmena indarrean, eta urtero luzatu ahalko dute espresuki eskatuta, hiru aldiz gehienez eta bakoitza 12 hilabeterako.