Itxi

Herriak eta Hiriak

Uztailaren 5etik 15era

Iruñeko erdigunea trafikorako itxiko dute San Fermin jaiak direla eta

Agentziak | Erredakzioa

Horrez gain, Nafarroako hiriburu osoan aparkatzeko eremu laranja izango da (gehienez, 24 orduz itxi ahalko da ibilgailua).

  • Turistak Iruñeko Santo Domingo kalean.

    Turistak, Santo Domingo kalean, asteazkenean. Argazkia: EFE

Sanferminen atarian, Iruñeko erdigunea zirkulaziorako itxiko dute uztailaren 5etik 15era (biharko 08:00etatik hilaren 15eko 14:00etara). Horrez gain, hiri osoan aparkatzeko eremu laranja ezarriko dute.

Hori dela eta, ibilgailuak ezingo dira sartu Santo Domingoko baratzeetan, Andre Maria Erreginaren plazan eta Takoneran eta Igeriketa Klubaren Bidean. Egoiliarrak eta baimena duten ibilgailuak salbuetsita daude.

1. sektoreko egoiliar txartela duten bizilagunek aparkatu ahalko dute gune horietan, baina sarrera-irteerak ekitaldien arabera mugatuta izango dituzte. Arrotxapea auzoko Gaseko ukuiluen ondoko aparkalekua 1. sektoreko bizilagunentzat izango da bakarrik.

Horrez gain, uztailaren 5etik 14ra (biak barne), aparkatzeko eremu laranja izango da Iruñea osoan, hau da, gehienez 24 orduz itxi ahalko da ibilgailua, tiketa ordaindu eta gero.

2. sektoreko tarte batean, Nafarroa Behereko etorbidearen, Oliveto Kondearen etorbidearen, Armada etorbidearen (Katalina Foixkoa zena) eta 1. sektorearekin muga egiten duen tartean, 1. eta 2. sektoreko bizilagun txartela dutenek soilik aparkatu ahalko dute. Eta gauza bera Larraina elkartearen ondoko zonaldean. 2. sektorearen gainerakoa tokietan, hots, Nafarroa Behereko etorbidetik eta Oliveto Kondearen etorbidetik hiriaren hegoalderantz, eremu laranja nagusituko da egun horietan.

Horrez gain, su-artifizialak direla eta, honako kaleak zirkulaziora itxita egongo dira uztailaren 6tik 14ra, 22:30etik 00:00etara: Gaztelugibel kalea (Ezkirotz kaletik Foruen Plazara doan tartea), Armada etorbidea, Oliveto Kondearen etorbidea, Yanguas y Miranda kalea, Zaragoza etorbidea (Viana Printzearen plazatik Zangoza kaleko bidegurutzeko tartera). Halaber, zezenketak direla eta, Leyre eta Arrieta kaleak itxita egongo dira 17:45etik 18:45era.

Aparkalekuak

Ibilgailua doan aparkatzeko eremuak izango dira: Trinitariosko aparkalekua, Nafarroa etorbidekoa, hilerriaren irteerako errepidea, Mendebaldea, Arostegi etorbidean dagoena, Zaragoza etorbidearen eta Azpilagañaren artean dagoena, Arrotxapeko Anelier pasealekukoa, Taxoare kaleko aparkalekua, Maria Ana Sanz ikastetxeko patioa eta Lezkairu eta Arrosadia auzoko gune urbanizatuak.

Ordainpeko aparkalekuak, berriz, hauek izango dira: Zezen Plaza, Nafarroako Blanca plaza, Aduanako Zokoa, Karlos III.a Noblearen etorbidea, Audientzia, Gaztelu Plaza, autobus-geltokia, Baluarte eta Ospitaleak.

Iruñeko Udalak gogorarazi du karabanek ezin dutela Iruñeko kaleetan aparkatu. Autokarabanentzat Trinitariosko aparkalekua dago.