Itxi

Herriak eta Hiriak

Sanferminak

Mayak iragarri du 500 ekitaldi antolatu dituztela 'munduko jai onenetarako'

agentziak | erredakzioa

Aurreko legegintzaldian osatutako jai egitaraua dela aitortu du Iruñeko alkate izendatu berriak.

1:25
Oihal handirik ezingo da zabaldu txupinazoan

2019ko sanferminetako egitarau ofizialean 496 ekitaldi antolatu dituzte "munduko jai onenak" aberasteko asmoz, Enrique Maya Iruñeko alkateak iragarri duenez. Jaiak "errespetuz" eta sexu askatasunaren aurkako edozein jarreraren kontra eginez gozatzeko deia egin du. Alkate izendatu berriak aitortu du aurreko legegintzaldian osatutako egitaraua dela aurkeztutakoa.

Mayak 2019ko San Fermin jaien egitarauaren berri emateko prentsaurrekoan azaldu duenez, jai "dibertigarriak, zoriontsuak, osasuntsuak eta seguruak" izatea nahi du, eta 'La Manada'ren kasuari erreferentzia eginez, Iruñea "sexu-erasoei aurre egiteko moduan eredu" bihurtu dela azpimarratu du.

Horren harira, bortxaketa hark "hiriaren irudiari egin zion kaltea" gaitzetsi du, eta sanferminen "benetako irudia" azaleratzeko deia egin du, "munduko jai onenak" direla iritzita.

Horretarako, Udalak 40 kontzertu, 33 berbena, 144 kaleko kontzertu, 7 banda, 49 dantzaldi eta folk musika emanaldi antolatu dituzte, eta haurrentzako ekintzak indartu dituzte (162), guztira 1,36 milioi euroko aurrekontuarekin.