Itxi

Herriak eta Hiriak

SANFERMINAK

Korrikalari bat adarkatu dute bigarren entzierroan

EITB.EUS

Cebada Gago ganadutegiko zezenek 2 minutu eta 23 segundoan egin dute ibilbide osoa.

1:44
Cebada Gago zezenek entzierroa

Aurtengo sanferminetako bigarren entzierroan, Cebada Gago Cadizko ganadutegi entzutetsuko zezenek korrikalari bat adarkatu dute. Beste korrikalari batek buruan kolpea hartu Santo Domingoko aldapan .

Astelehena izanda, lehen entzierroan baino jende gutxiago elkartu da. Saio azkarra izan da eta 2 minutu eta 23 segundo behar izan dituzte zezenek ibilbide osoa egiteko.

Zezenek bat egin dute ibilbidearen erdian. Estafeta kalean taldea bitan bereizi da lehendabizi, eta hirutan gero. Hori dela eta, korrikalariek zezenen aurrean lasterka egiteko aukera izan dute. Hala ere, zezenen abiadurak eraginda, asko izan dira lurrera erori diren parte hartzaileak.

Eguneko bitxikeria bizkarrean adarkada txiki bat jaso duenaren eskutik etorri da. Zauri txiki bat du bizkarrean Gurutze Gorriko postuan artatua izan ostean uko egin dio ospitalera joateari.

Guztira, hiru korrikalari eraman dituzte Iruñeko ospitalera, kolpeekin. Hala ere, euren egoera ez da larria. Espoz Mina kaletik bi pertsona ospitaleratu dituzte: 19 urteko emakume nafar bat, bizkarrean hartutako kolpe batengatik; Zuluetako 45 urteko gizona, sorbaldan hartutako kolpe batengatik. Hirugarren zaurituari erreparatuta, berriz, 61 urteko iruindarrak kolpea du buruan. Dena dela, zauritu guztiek egunean zehar jasoko dute sendagiria.