Itxi

Herriak eta Hiriak

Donostia

Woody Allenen filmaketak Donostiako zirkulazioan eragingo dituen aldaketak

EITB.EUS

Boulevard Zumardia trafikorako erabat itxita egongo da gaur arratsaldean (17:00etatik 20:00etara), Legazpi kalearen paretik. Autobusen eta taxien Boulevardeko geltokiak ere kendu dituzte.

  • Allenen filmazioko karabana eta kamioiak Donostiako Boulevardean.

    Errodajeko karabanak, Boulevardean. Argazkia: EiTB

Gaur, hilak 10, abiatuko da Woody Allen zinemagile estatubatuarraren filmazioa Donostian. Filmatzeak eragin zuzena izango du hiriburuko zirkulazioan, Boulevard, Alde Zaharra eta Cervantes plazan (Kontxa inguruan) ibiliko baitira ekoizpen eta arte taldeak.

Asteazken honetan izango dira eragozpen gehien: Boulevard Zumardia trafikora erabat itxita egongo da 17:00etatik 20:00etara, Legazpi kalearen paretik. Portuko eta Mari kaleko bizilagunak euren etxeetara sartu ahal izango dira, bertan egongo diren teknikarien argibideak jarraituz.

Horrez gain, egun osoan zehar, Boulevardean geltokia duten autobusek, 13. lineak izan ezik, ezingo dute pasealekuan geldialdirik egin, ezta aparkatu ere ez. Autobus horiek inguruko kaleetara eramango dituzte. Dbus-en webgunean dago informazio guztia.

Udaletxetik gertu dagoen taxi geltokia ere itxita egongo da. Bestalde, aparkalekuak ez du eraginik jasango, eta sarrera-irteerak bermatuta egongo dira.

Larrialdi zerbitzuei une oro bermatuko zaie pasabidea.

Boulevarda, gaur goizean. Argazkia: EiTB

Halaber, gainerako grabazio-guneetan aldizkako eragozpenak izango dira, baina aldez aurretik jakinaraziko dituzte.

Hurrengo egunetan eragina txikiagoa izango da, grabatzeko erabiliko dituzten kokalekuen ezaugarriengatik. Nolanahi ere, Donostiako Udalak aldez aurretik jakinaraziko du grabazio lanek zer aldaketa eragiten dezaketen Donostiako espazio publikoetako ohiko erabileran.

Abuztuaren 20ra arte luzatuko da filmatzeko plana, eta Donostia kanpoko eta barruko kokalekuak txandakatuko dituzte, baita Gipuzkoako beste leku batzuetan (hala nola, Pasai Donibanen) filmatzeko egunak ere.

Aldizkako mozketak trafikoan uztailaren 11n eta 12an

Filmatzea Miramar Jauregian izango da uztailaren 11n. Hori dela eta, ezin izango da parkera sartu 9:30etik 23:00etara. Bestalde, aldizkako mozketak egon litezke Kontxa pasealekuko tunelaren inguruan, bi norabideetan.

Uztailaren 12an, grabaketa Maria Cristina hotelaren inguruetara aldatuko da. Horrek aldizkako mozketak eragingo ditu Kursaaleko zubian, Okendo kalean eta Argentinako Errepublikaren pasealekuan, 17:00etatik 21:00etara.