Publizitatea
Itxi

2019/07/09

16:42

Zinema

Bihar hasiko da filmatzen

Woody Allen: 'Donostiaren gaineko nire ikuspegia aurkeztu nahi diot munduari'

Agentziak | Erredakzioa

Estatubatuar zinemagilea bihar hasiko da Donostian bere hurrengo pelikula filmatzen, eta erretiroan pentsatu ez duela baieztatu du: “Filmatzen hilko naiz”.

  • Woody Allen

    Woody Allen bihar, asteazkenarekin, hasiko da pelikula berria filmatzen. Argazkia: Efe.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Woody Allen zinemagileak argi du, bere hurrengo pelikula filmatzen hasteko bezperan, hil arte jarraituko duela lanean: “Litekeena da pelikula bat editatzen ari naizen bitartean hiltzea, edo plato batean, filmatzen ari naizela”, adierazi du gaur Donostian.

Allenek bere hurrengo proiektua aurkeztu du gaur kazetarien eta agintarien aurrean, inguruan lantaldeko beste kide batzuk zituela, hala nola Elena Anaya, Gina Gershon, Sergi Lopez eta Wally Shawn aktoreak.

Allenen hitzetan, ez bere adinak (83 urte ditu) ez Dylan Farrow alabatzakoak sexu abusuak egin zizkiola salatu eta gero bere herrialdean haren inguruan zabaldu den ezikusiak (AEBetan ezin izan du estreinatu egindako azken filma, A Rainy Day in New York, Europan ikusi ahalko dena) ez dute bultzatu erretiroan pentsatzera: “Ez dut gelditzeko asmorik, ez dut mugimendu politiko eta sozialetan pentsatzen. Nik giza harremanak jorratzen ditut, jendearen artekoak, komedia”, adierazi du.

Hori dela eta, iragarri du “seguru asko pelikula bat editatzen edo plato batean filmatzen” hilko dela.

Woody Allenek Donostiako Zinemaldian girotutako istorio bat idatzi du, 2004an Donostia saria eman zion jaialdia agertoki duena, hain zuzen ere. Inguru horretan, komedia erromantikoa sortuko du, baina gaurkoan ez du horren inguruko zehaztasun gehiagorik eman nahi izan.

Donostiak eta horren inguruak, “jaialdiak hartzen duen eremuak, baina baita berdeguneek eta itsasoak” ere protagonismo nabarmena izango dute. “Donostiaren gaineko nire ikuspegia aurkeztu nahi diot munduari, paradisuaren gaineko ikuspegia, bere garaian New Yorkekin egin nuen bezala”, aurreratu du estatubatuar zuzendariak.

Bihar, asteazkenarekin, hasiko dira Allene pelikula filmatzen, Donostian, eta abuztuaren 23ra arte jardungo dute lanean, hiriburuan ez ezik, Pasaian, Zumaian eta Gipuzkoako beste hainbat tokitan ere.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena