Itxi

Herriak eta Hiriak

SANFERMINAK

Adarkadaz zauritutako lagun bat izan da seigarren entzierroan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zezenek 2 minutu eta 18 segundoan egin dute ibilbide osoa. Halaber, beste bost lagun eraman dituzte osasun zentroetara, kolpeekin.

2:21
Entzierroaren iraupena 2 minutu eta 18 segundukoa izan da.

Aurtengo sanferminetako seigarren entzierroa aste osoko arriskutsuena izan da. Bidean zehar, une ezberdinetan, bizpahiru zezen erori dira eta arrisku uneak sortu dira. Korrikalari bat adarkadaz zauritu dute ezkerreko zangoan eta beste lau korrikalarik kolpeak izan dituzte.

Zezenak bat eginda irten dira Santo Domingoko ukuiluetatik, joaldunak buru zirela. Dena dela, aurreko egunetan ez bezala, taldea banatu egin da une askotan. Ondorioz, korrikalariek lasterka egiteko aukera izan dute.

Santo Domingoko aldapan, zezen beltz batek korrikalari bat adarkatu du ezkerreko zangoan. Harrapaketaren ondoren zezena une batez atzean gelditu da eta inguruko beste korrikalari batzuei ere begiradarekin mehatxu egin die, arrisku momentuak eraginez.

Adardunak taldearekin bat egin du eta elkarrekin igaro dira udaletxe plazatik eta Mercaderesetik. Gaurkoan ere ez dira zezenak bihurgunean lurrera erori.

Taldea lerrokatuta eta bat eginda sartu da Estafeta kalean: bi joaldun aurrean, sei zezenak atzetik eta gainerako joaldunak taldea ixten.

Estafeta kalearen erdian, hiru zezen lurrera erori dira eta une batez atzean geratu dira. Dena dela, segituan altxatu eta lasterka jarraitu dute, aparteko arriskurik sortu gabe.

Hirutan banatu da taldea: bi zezen eta joaldunak aurretik, beste bi zezen erdian, eta azkenik, oso gertu, beste bi zezenak. Hori dela eta, korrikalariek aukera gehiago izan dute gaurkoan adarren aurrean lasterka egiteko. Zezen plazara sartu aurreko kallejoian erorikoak izan dira, baina aparteko gorabeherarik gabe.

Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenek 2 minutu eta 18 segundoan egin dute ibilbide osoa.

2 lagun ospitalera eraman dituzte Nafarroako Ospitale Gunera

Gaurko entzierroaren ondotik, bi lagun eraman dituzte Nafarroako Ospitale Gunera.

Santo Domingoko korrikalarietako batek ezkerreko hankan adarkada jaso du eta ospitaleratu egin dute, ebakuntza egin diezaioten.

Telefonicako zatitik beste pertsona bat ospitaleratu dute. Kasu honetan, kolpea hartu du torax parean eta pneumotorax bat izan dezakeela uste dute. Hori dela eta, probak egingo dizkiote.

Entzierroaren ibilbidean artatua izan ostean, hirugarren zauritu batek uko egin dio ospitalera joateari.

Bestalde, beste bi korrikalari eraman dituzte San Martin Doktorearen anbulatoriora, kolpeekin.